Hasi da Donostiako 55. Zinemaldia, sail ofiziala inauguratu duen "Eastern promises" (Ekialdeko promesak) filmarekin, David Gronenberg zuzendariak Londresen kokatutako Errusiako mafiaren gainean egin duen pelikula ikusgarria. XME, Xabier Mendiguren Elizegi, Sustaturen korrespontsal akreditatua da Zinemaldian, eta bere blogean zein Sustatun argitaratuko ditu zine kritikak glamourrak dirauen bitartean.
Kontatzen dute Francis Ford Coppola-k "Aitajauna" film mitikoa egitean AEBko italiar mafia erretratatzearekin batera, talde horren iruditeria sortu ere egin zuela nolabait, alegia, geroztik film hartako aktoreen jarrera, hizkera eta mugimenduak imitatu izan dituztela egiazko mafiosoek.
Hala den edo ez den ezin jakin dezaket nik, baina susma liteke Errusiako mafiak ("Vory v Zakone" omen du izena, orain jakin dugunez), bere adarrak Europa osoan zabaltzearekin batera, nola-halako lustre zinematografikoa nahi baldin badu, hauxe izango duela mesanotxeko DVD kuttuna. Zuzendaria neurri batean tipismo horren bila ibili dela esan liteke (edo Coppolari keinu eta omenaldika), adibidez errusiar amoña guztiak "Oci ciorne" kantari erakusten dizkigunean, baten 100. urtebetetzean, Piterman-en antza duen soinujoleak gidaturik.
David Cronenberg bere irudi bortitzengatik da ezaguna (gogora datozkit "The Fly" remakea, "Crash", "The naked lunch" eta beste). Eta hemen ere ez da epelkerietan ibili ikusleon sentiberatasunarekin (lepoa egindako gorpu izoztua ile-lehorgailu batekin berotuko dute, zurruntasuna galdu ostean hatz-mamiak errazago mozteko, esaterako), aldi berean umore-ukitu beltz batzuk nabari daitezkeen arren. Norberak halako eszena gogorren aurrean izan dezakeen jarrera gorabehera, esan liteke horiexek direla filmaren une biribilenak, gainerakoan txukun ibili baita, baina publikoa harritzea edo hunkitzea lortu gabe.
Aktoreen artean, Viggo Mortensen dugu protagonista, eta baliteke askok goraipatzea nola biribildu duen mafioso hotzaren rola, baina, zer nahi duzue esatea, hotzaren hotzez sorgortuta eta jelatuta dagoela ematen du (Clint Eastwood eta Terminator 2-ko cyborg-aren arteko erdibidea edo).
Besterik? Bada, gustura ikusten dela pelikula; ez duela akatsik esateko; Armin Müller-Stahl ("Musika kaxa" filmeko nazi hungariarrarena egiten zuena) benetan gertatzen dela beldurgarria aitajaunarena egiten; eta benetako Vory v Zakone halakoa bada (edo film hau imitatzen badu), hobe dela haiekin estropezu ez egitea.
Gaur arratsaldean, Zabaltegi saila zabaltzeko, Europa Ekialdeko kontuak berriz ere "4 luni, 3 saptamani si 2 zile" film errumaniarrarekin (Lau hilabete, hiru aste eta bi egun), Ceaucescuren azken garaietan legez kanpo abortatu behar duen neska gazte baten gorabeherak.
Erantzun
Sartu