Teknologia albisteak

Europako e-gobernu sariak

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Astigarraga - PloneGov
2007-09-04 : 11:09

Euskal partaidetza duen PloneGov ekimena finalista da European eGovernment Awards 2007 sarietan. Beste bi proiektu euskaldun zeuden: Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Konekta Zaitez Ciudadano eta Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako Eskuar. Bizkaia.net , baina ez dira ailegatu finalera. Plonegov gustukoa baduzu irailaren 7arte izena eman eta proiektuaren alde bozka dezakezu.

Bozkatu PloneGov proiektuaren alde

Bozkatu PloneGov proiektuaren alde

Plonegov e-administrazioaren beharrak asetzeko software librean garatzen ari den ekimena da. Gustukoa baduzu, hemen dituzu PloneGov proiektuaren alde bozkatzeko instrukzioak (itzulpenak frantsesez eta gazteleraz ) eta European eGovernment Awards 2007 delakoen finalista guztien zerrenda hemen .

Zer da PloneGov

Oinarrian PloneGov e-administraziorako atari bat da, software librean garatutakoa, administrazioek hiritarrei zerbitzuak eman diezaizkieten. Tamaina ertain eta txikiko aldundi, herri, udal, mankomunitate, komunitateen komunak, ... eta abarrentzat dago pentsatuta gehienbat, baina Suitzako gobernua edo Walloniako erkidegoa bezalako erakunde handiagoak erabiltzen dute.

Azken finean, Internet bidezko zerbitzu elektroniko aurreratuak elkar lanean garatu eta finantziatu eta hiritarrei eskaintzeko aukera emateko pentsatuta dago PloneGov proiektua.

Europako udal eta administrazio ezberdinetan ikusi dugunaren arabera, antzerako beharrak dituzte guztiek, eta mundu erdikoek egia esan. Horregatik, PloneGov proiektuan denentzat baliagarriak izan daitezkeen produktu eta aplikazioak garatzen ari dira.

Horrela, udal batek enplegu eskaintzak on-line kudeatzeko aplikazioa behar badu, sinadura elektronikoa kudeatzea, herriko elkarteen kudeaketa, hornitzaileak edo kontratazioak kontrolatu, edo dena delakoa, orain edo etorkizunean, seguruenez beste udal batek, aldamenekoa edo urrutiago dagoen batek, behar berdinak edo berdintsuak ditu edo izango ditu.

PloneGov ekimenean kode irekian garatzen dira aplikazio eta produktuak eta horri esker toki baten garatutakoa beste toki baten profitatzen da. Hemen daude orain arte, hiru hiletan, garatutako produktuen zerrenda.

Esate baterako, Amorebieta-Etxano udalarentzat garatutako aplikazio bat, Lan eskaintzak adibidez, agian interesgarria da, esate baterako, Valoniko Seneffe udalarentzat edo gertuago dagoen Mutrikuko udalarentzat. Edo alderantziz. Eta batean egindakoa bestean aprobetxatu daiteke. Hau da, garbi ikusi dugunez, toki baten egindakoa beste leku askotarako balio dezake.

PloneGov ekimena azkar zabaltzen ari da mundu osoan (ikus erreferentziak ). Belgika (Valoniko udalen %20a), Suitza, Frantzia, USA, Afrika, edo gertuago dauden Amorebieta-Etxano edo Mutriku udaletan inplementazioan dihardu CodeSyntax enpresa.

Gaur egun Europa, Afrika, Hego eta Ipar Amerikako 55 erakunde inguru hartzen dute parte PloneGov ekimenean eta gehiago daude gehitzeko gertu.

Erabilitako teknologia Plone / Zope da eta programazio lengoaia Python da. Aurrerago ere idatzi da Sustatun PloneGov ekimenari buruz .

European eGovernment Awards 2007 sarietan gertuko beste proiektu batzuk daude finalisten artean: Errioxako IDERioja datu geografikoekin lotutakoa edo Generalitat de Catalunya-ko Gencat . Finalista guztiak hemen .

Erantzun

Sartu