Euskal Autonomia Erkidegoko egunkarietan argitaratzen diren artikuluen % 1,75a dira zientzia eta teknologiaren ingurukoak. Elhuyar Fundazioak 2006ko abendutik 2007ko apirila bitartean, Berria, Deia, Diario de Noticias de Alava, El Correo, El Diario Vasco, El País, Gara eta Noticias de Gipuzkoa egunkariek argitaratu dituzten artikuluen azterketa egin du, laugarren urtez.
2006ko abendutik 2007ko apirila bitartean EAEko egunkariek zientzia eta teknologiari buruz argitaratu dituzten artikuluen azterketa egin du Elhuyar Fundazioak, laugarrenez; ondorio nagusia izan da artikuluen % 1,75ek hartzen dutela ardatz zientzia edo/eta teknologiaren inguruko gairen bat, eta gai horien artean erabiliena klima-aldaketa izan dela. Erkidegoan argitaratzen diren zortzi egunkari aztertu ditu egunero Elhuyar Fundazioak, hots, Berria, Deia, Diario de Noticias de Alava, El Correo, El Diario Vasco, El País, Gara eta Noticias de Gipuzkoa. Egunkari horietan, guztira, 2.337 artikulu argitaratu dituzte zientzia edo/eta teknologiaren ingurukoak lehengo urtean baino 215 artikulu gutxiago; egunean, batez beste, 2,45 artikulu.
Bestalde, zientzia eta teknologiaren inguruko berriak 34 aldiz agertu dira egunkarien azaletan, azterketak iraun duen epean.
Azkenik, azterketa kuantitatiboaz gain, azterketa kualitatibo bat ere egin du Elhuyarrek. Horretarako, hamar adierazle hartu ditu kontutan, besteak beste, edukien zuzentasuna, informazio gehigarria izatea, kontrastatua egotea, ulergarritasuna, informazio grafikoa edukitzea, hizkuntzaren aberastasuna... eta, 0tik 10erako eskala batean, batez beste 7,55eko nota lortu dute kazetariek. Beraz, zientzia eta teknologiaren inguruko berriak kalitate onekoak direla esan dezakegu.
Azterketaren txosten osoa www.zientzia.net web gunean ikus daiteke.
Erantzun
Sartu