Sustatu logoa Teknologia albisteak

Software Librea eta enpresari buruzko I. Jardunaldiak

Sustatu - Sustatu
2007-07-04 10:07

Software Librea eta enpresari buruzko I. Jardunaldiak (sl2007 ) ospatuko dira gaur Deustuko Unibertsitateko ESIDE Ingeniaritza fakultatean. Bertan Sun, Novell, RedHat/JBoss, Telefónica I+D, ESLE, Irontec eta CodeSyntax izango dira beraien ikuspuntuak azaltzen eta beraien proiektuak erakusten.

Jardunaldien helburua oraindik software librean oinarritutako teknologia erabiltzeko jauzia egin ez duten enpresei, software librea erabiltzen edota garatzen duten enpresei, eta proiektu berri eta ilusio-pizgarrien bila dabiltzan ikasle lizentziatu berriei topalekua eskaintzea da.

Jardunaldien ikuspuntua ez da teknikoa; oso bestela, hiru kolektiboren arteko topagune bat definitzen lagundu nahi du:

  1. Dagoeneko Software Librearen alde jokatzen duten enpresa handi eta txikiak; hemen dute beren eskarmentua eta esperientziak, proiektuak, eta abarrak, azaltzeko aukera.
  2. Oraindik Software Librea erabiltzen ausartu ez diren enpresak, baina epe ertain edo luzera bide horri ekin nahi diotenak; beta izango dute beste enpresa batzuetan nola funtzionatzen duen ikusi eta ikasteko.
  3. Etorkizun profesionala Software Librearen munduan bilatu nahi duten ikasle eta langileak; horretan dabiltzan enpresekin harremanetan jartzeko plaza izango dute.

Jardunaldietan parte hartuko dutenen zerrenda eta gaiak hauek dira

  • Sun : Álvaro López Ortega, OpenSolaris eta OpenJDK.
  • Novell : Pere Martínez, Novell-en SUSE Linux eranzunak.
  • RedHat JBoss : Galder Zamarreño, Hat/JBoss: Kode Ireki Profesionalean oinarritutako Softwarea.
  • Telefónica I+D : José Manuel Cantera, MORFEO proiektua.
  • ESLE : Belén Gorosarri, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea, .
  • Irontec : Iker Sagasti Markina, Publizitatea eta Software Librea, Marketing-paradigma berri bat.
  • CodeSyntax : Eneko Astigarraga, Negozio-eredu berritzaileak. Tokikotik globalera, CodeSyntax eta ZEA Partners.
  • Alianzo : Jon Koldo Arteaga, Elkarlanerako tresnak

Sarrera doakoa eta librea da. Izena eman behar da. Agenda osoa ESIDE-ko ONTE bulegoan

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu