Elhuyar hiztegi txikia-ren hirugarren argitalpena, kalean
Elhuyar hiztegi txikia-ren (euskara-gaztelania/castellano-vasco) hirugarren argitalpena kaleratu berri du Elhuyar Fundazioak
Elhuyar hiztegi txikia-ren lehenengo argitalpena duela bederatzi urte plazaratu zuen Elhuyarrek. Harrezkeroztik, etengabeko eguneratze-lanak egin dira. Bigarren argitalpena 2001ean egin zen, eta, orain, sei urte geroago, hirugarren argitalpena kaleratu da, osatua eta berritua. Elhuyar hiztegi txikia berritzeko, zenbait iturri erabili dira: 2006ko azaroan argitaratutako Elhuyar Hiztegia, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren azken emaitzak, orain arte argitaratu diren gainerako hiztegiak, egindako terminologia-lanak edo estilo-liburuak, euskararen hizkuntza-ereduari buruz izan diren eztabaidak, kontsulta-corpusak...
Elhuyar Fundazioko aditu-talde bat aritu da Elhuyar hiztegi txikia-ren erredakzio-lanetan. Argitalpen berri honen zuzendariak, berriz, Miren Azkarate (euskaltzaina), Xabier Kintana (euskaltzaina) eta Xabier Mendiguren Bereziartu (euskaltzain urgazlea) izan dira.
Erantzunak kargatzen...