Euskadi Saria: beste fronte batetik ere kritika
Euskadi Sariek euskarazko eta gaztelaniazko liburuak saritzen dituzte urtero (baita erdaretatik euskarara egindako itzulpenak). Diario Vascok dioenez, hurrengo ekitaldirako ezin omen daitezke Arambururen eta Irazokiren lanak aurkeztu, eta horrek beren editorialen kritika eragin omen du.
Aurkezten direnek honako baldintzetako bat bete behar dute, DVren arabera:
- Euskadin izatea bizilekua
- EAEn ezarritako literatur elkarteren baten bazkide izan
- liburua bertako editore elkarteren baten bazkide den argitaletxeren batean argitaratu izatea.
Aramburuk DVn esan duenez, arauek bera bezalako zenbait kanpoan uzten dituzte, "seguruenik gaztelaniaz idazten duen jendea."
Nolanahi ere, Fernando Aramburuk irabazia du Euskadi Saria 2001. urtean, Los ojos vacĂos lanarekin.
Utikan Euskadi Sariak
Kritika hauek, bistakoa denez, zerikusi gutxi dute Utikan Euskadi Sariak manifestuarekin. Orduko hura Argiaren urtekarian Jon Alonsok argitaratutako testu batetik abiatu zen eta, iritzi artikulu zenbaitetan polemika izan ondoren, manifestu hartan izan zuen ondorena: idazle euskaldun mordo batek uko egin zioten Euskadi Sariari.
Talde haren argudioetako batzuk Bazka blogean ikusi dira harrezkero (beste gogoeta batzuen artean).
Euskadi Sariei uko egin ez dietenen artean, Volgako Batelariak daude, eta kontu harekin barre egiteko gogoz daudela ematen du. Beren blogeko azken mezuan, kanon literarioen sorta barregarri zabala eskaintzen dute, zeinean sariei uko egitearen kontuari ere erreferentzia egiten dioten, Jon Alonso aipatuz.
Erantzunak kargatzen...