Ekainaren 16an EJTA elkarteak --European Journalism Training Association / Europako Kazetaritza Fakultate eta Eskolen Elkartea--, aho batez onartu zuen Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatea kide moduan, Parisen egindako urteroko bilkuran.
HUHEZIko bi ordezkari izan ziren Parisen EJTAren bilkuran: Txema Egaña HUHEZIko Nazioarteko Harremanen arduraduna eta Aitor Zuberogoitia Ikus-entzunezko Komunikazioa karrerako zuzendaria. Osoko bilkurak aho batez onartu zuen HUHEZI, Txema Egañak bilkurari egindako aurkezpena entzunda. HUHEZIko kideek aprobetxatu dute bidaia harremanak egin, HUHEZIren nazioarteko ikastaroak aurkeztu eta hainbat akordio lantzeko Europako beste kazetaritza fakultateekin.
European Journalism Training Association elkartea, EJTA, 1990ean sortu zen Bruselan, helburua zuela Europako kazetaritza fakultateak elkarlanean jarri eta horien europar dimentsioa zabaltzea. Elkarteak bere partaideen interesak defendatu, trukeak koordinatu eta eskolen arteko elkarlana eratzen du. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek 50etik gora unibertsitate biltzen ditu bere baitan, Europako 20 herrialdetakoak. Espezialitate horretan dagoen sare paneuropar bakarra da.
Maiatzaren 9an EJTAk Amelia Guardiola bidali zuen HUHEZIra, El País Kazetaritza Eskolako kidea eta EJTA erakundeko ordezkaria. Fakultatea bisitatu eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketen gaineko informazioa jaso ondoren, Amelia Guardiolak txosten bat bidali zuen Holandara, gaur egun hantxe baitago EJTAren egoitza, HUHEZI elkarte europarrean onartzearen aldekoa.
Erantzun
Sartu