Kontseiluak Ziurtagiriaren Elkarteari lekukoa pasatuko dio
2007-06-13 11:06
Aurten ere, hazkunde nabaria izan du Bai Euskarari Ziurtagiriak: 2006an %18an hazi baitzen ziurtagiridunen kopurua, jada 1500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek dute.
Ekitaldi nagusian instituzioetako eta gizarte arlo askotako ordezkariak izango dira. Hala ere, arreta guztia Bai Euskarari Ziurtagiria jaso dutenentzat izango da. Kontseiluko eta Ziurtagiriaren Elkartearen Zuzendaritzak ziurtagiria duten enpresei Jorge Oteizaren artelan baten lamina banatuko die. Esferaren Desokupazioari buruz. Arnasketa espazialaren aldaera da artelanaren izenburua eta Oteizak 1957an Sao Pauloko erakusketarako egindako seriearen parte da. Erakusketa horretan Oteizak Nazioarteko Eskulturaren Saria irabazi zuen, azaldu dute Elkartearen ordezkariek. Orain, Sao Paoloko lehiaketatik 50 urtera, horren inguruko erakusketa prestatu du Oteiza Museoak.
Bestalde, Kursaalen egingo den ekitaldian bertan, Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren irudi berria aurkeztuko du. Ziurtagiriaren Elkartea sortu dugun honetan Bai Euskarari Ziurtagiriaren irudia egokitzeko momentua da, azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Irudiak Bai Euskarari Ziurtagiriaren muina mantenduko duela aurreratu dute, baina era berean berrikuntzak jasango dituela. Beraz, sorpresaz jositako ekitaldia izango da 2007ko Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa nagusia, esanez bukatu dute aurkezpena.
2007ko Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia ekainaren 14an, ostegunean, arratsaldeko 7etan ospatuko da Donostiako Kursaalen.
Erantzunak kargatzen...