Sustatu logoa Teknologia albisteak

HUHEZIk bi ikastaro aurkeztu ditu, nazioartekoak

Joxe Aranzabal - HUHEZI
2007-06-12 09:06

Ikastaro hauek berritasun handia dakarte, orain artean Euskal Herriko unibertsitate gehienek erakartzen baitzituzten atzerriko ikasleak gaztelaniazko eta frantsesezko ikastaroak antolatuta. Bi ikastaro hauek, berriz, erabat ingelesez emango dituzte HUHEZIko irakasleek.

Ikastarook antolatu dira Ipar Europako herrialdeek (Norvegiak, Danimarkak, Finlandiak eta Holandak) ezarritako ereduari jarraituz, hedapen txikiko hizkuntzak izanik, aukeratu baitute ingelesa nazioarteko ikasleak erakartzeko.

  • Media and Minority Languages da ikastaro baten izena, Hedabideak eta Hizkuntza Gutxituak, eta prestaturik dago komunikazioko ikasleentzat. Bertan aztertuko dira euskarazko hedabideak. Halaber, ikasleek praktikaldi bat egingo dute tokiko hedabide batean.
  • Education and Minority Languages da bigarrenaren izena, Hezkuntza eta Hizkuntza Gutxituak, eta bertan aztertuko da Hezkuntza testuinguru eleaniztun batean (euskara, gaztelania eta ingelesa). Hemen ere, ikasleek praktikaldi bat egingo dute haur eskoletan.

Ikastaro bakoitzak bost irakasgai izango ditu, horietatik bi komunak: Euskara eta Bertsolaritza XXI. mendean. Kasu bietan ikastaroa amaitutakoan ikasleak jasoko ditu 30 kreditu ECTS erakoak, Europak berretsitakoak.

Hamar bat ikasle

Guztira hamar bat ikasle etorriko dira Eskoriatzara: 2 Estoniatik, 3 Belgikatik, 2 Holandatik eta beste 2 Turkiatik. Unibertsitateko Nazioarteko Bulegoak lagunduko die ikasle hauei etxea bilatzen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu