Google Developer Day 2007, Madrilen
Garatzaileen indarra
Garatzaileak. Bai Microsoft eta bai Google konturatu dira garatzaileak direla internet generazio berri honen aktore nagusiak. Horrela bakarrik uler daiteke Microsft-en Popfly berria, zein Googleren API-ak eta mashups editorea. Edonork egin ditzala mash-up berriak, garatzaileek egin dezatela lan eta ideiak izan ditezela muga bakarra.
Hitzaldien maila, uste baino txikiagoa
Goizeko hamaiketan hasi zen deialdia, lehenengo gosaria eta gero hitzaldiak. Lehenengo biak onak. Gears izeneko aplikazio berriarekin hasi zen hitzaldia, gero mashups editorera pasatzeko. Ondo. Honela hasita, nola amaitu behar zuen galdetzen nion nire buruari. Programak itxura ona zeukan.
Baina eguna pasa ahala hasierako itxura ona aldatu egin zen. Alde batetik, Tagzania lantaldean mapen ezaguera aurreratua daukagu, eta entzun genituen txarlak oso oinarrizkoak iruditu zitzaizkigun. Apenas pare feature berri eta kitto. Bestalde, hitzaldien interesa ere jaisten joan zen, eta gero eta marketing itxura handiagoa hartzen. Eta arratsaldeko tailerretan ere gauza berbera; interes eta maila gutxikoak, gure ustez.
Horri gehitu behar zaio munduko beste ospakizunetara egindako konexioekin ere zorte txarra izan zutela. Londresekin eta Kaliforniarekin konektatu zuten; lehenengoan ingeniari aspergarri bat jasan behar izan genuen, eta hurrengoan, guk goizean entzundako berbera errepikatu zuen.
Googleren indarra
Microsoft itxura hartzen ari da Google. Geu, geuk, geurekin, geuretzat. Hain handi egiten ari dira ezen zure informazio guztia beraiengana iristen dela. Eta menpekotasun hori, niri behintzat, ez zait batere gustatzen. Hainbeste datu, informazio eta abar beraien zerbitzarietatik pasa eta gordeta egotea gaur egun botere gehiegi ematea dela uste dut.
Marketing mugimendu hauek beharrezkoak direla uste dut, baina atzokoa "lizunkeria" iruditu zitzaidan. Madrilgo Kongresutarako Jauregia hartu, eta hainbeste bazkari, gosari eta edari (kubatak barne) dohainik 300 pertsona ingururentzat... daukaten boterearen demostrazio hutsa baino ez da.
Hori bai, meritua daukate, inork baino hobeto jakin izan dutelako informatika mundua norantz doan ulertzen eta garai berrietara moldatzen. Estandarretan, programazio txukunean eta itxura dotorean oinarritu dira. Garatzaileak eta Internet komunitatearen eskariei aurre egiten jakin izan dute. Haiei jarraitu baino ez daukagu, nahiz eta grazia handiegirik ez egin.
Eta opariak ere egon ziren, helikoptero eta guzti.
Erantzunak kargatzen...