Teknologia albisteak

Martxan dira zientzia-dibulgazioko XIV. CAF-Elhuyar sariak

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2007-05-28 : 12:05

Dibulgazio-artikuluen hiru sari nagusiak eta gazteentzako sari berezia ez ezik, dibulgazio-liburu bat idazteko beka ere emango dute, bosgarren aldiz

Zientzia-dibulgazioko XIV. CAF-Elhuyar sariak martxan dira. Aurtengo sariketan, bi sail izango dira: dibulgazio-artikuluei dagokiena bat, eta dibulgazio-liburu bat idazteko bekarena bestea. Dibulgazio-artikuluen sailean, hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezi bat banatuko dituzte: lehen saridunak 1.200 € jasoko ditu, bigarrenak 800 € eta hirugarrenak 600 €; 25 urtetik beherako egileek egindako artikulu onenak 400 €-ko saria izango du. Bestalde, dibulgazio-liburu bat idazteko proiektu onenak 5.000 euroko beka jasoko du. Bosgarren aldiz emango dute sari hori Elhuyar Fundazioak eta CAFek aurten. Egileak urtebete izango du proiektua gauzatzeko. Bi sailetako lanak 2007ko abenduaren 1a baino lehen bidali beharko dira Elhuyar Fundazioaren egoitzara. Oinarriak www.zientzia.net web gunean daude ikusgai.

Lan guztiak euskararen eta zientziaren alorrean esperientzia handia duen epaimahai bati bidaliko zaizkio, eta hark erabakiko du XIV. CAF-Elhuyar sarien irabazleak zein diren. Irabazleen berri 2008ko martxoan emango da .

CAF-Elhuyar sariei buruz

Beasaingo CAF enpresak babesturik, zientziaren dibulgazioa sustatzeko sariak sortu zituen Elhuyarrek duela hamahiru urte. Erronka hari tinko eutsiz, 1994az geroztik urtero antolatzen dira zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Ehunka zientzialarik eta idazlek beren lanak argitaratzeko aukera aparta dira sariok, lortu duten oihartzunak erakusten duenez.

Erantzun

Sartu