1997ko otsailaren 1ean egin zuen Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bere sortze batzarra Durangon. Ordurako, baziren bi urte pasatxo euskara elkarteen artean antzeko egitura bat sortzeko beharra proposatu zela eta azkenik, duela 10 urte sortu zen Federazioa. Durango aukeratu da oraingoan ere urteurrena ospatzeko.
Ekitaldia Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da arratsaldeko 7,30etatik aurrera maiatzaren 24an, eta aurkezpena Kike Amonarrizek egingo du. Iñaki Arrutik Topagunearen sorrerako garaiak gogoratuko ditu eta Karmen Irizar Topaguneko egungo lehendakariak federazioak etorkizunerako dituen erronken berri emango du. Ekitaldi labur honetan Kristina Mardaras bertsolariak ere parte hartuko du eta baita jazz laukote batek ere.
Lagunarteko ekitaldia izango da ostegunekoa, euskara elkarte, gizarte mugimendu eta euskara elkarteen inguruko bestelako erakundeetako lagunei zuzendua. Lagunarte goxoan, lagun eta kidez inguraturik ospatu nahi da urteurrena. Ekitaldi honekin emango zaio hasiera gainera, 2007 urtean zehar Topaguneak ospatu asmo dituen ospakizun-ekitaldiei. Hurrengo ekitaldi publikoa ekainaren 16an egingo da Bilboko kaleetan, Zazpi kale kultur topagunea izenarekin. Azkenik, azaroan Donostian egingo diren jardunaldiekin burutuko da 2007 urterako Topaguneak prestatu dituen urteurreneko ekitaldi bereziak.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea
Erantzun
Sartu