Teknologia albisteak

Irura eta beste herri batzuetako hauteskunde kalkulu bihurriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-05-24 : 10:05

Iragarri genuen nola Sustaturen hauteskunde kalkulagailuak debekuaren ondorioz gertatuko diren eserleku banaketa distortsonatuak kalkulatzeko balio lezakeen. Hala ere, hain dira absurdo eta gaiztoak Alderdien Legearen aplikazioaren ondorioak, non Gipuzkoako herri batzuen kasu bitxirako, puff, beste kalkulu batzuk beharko diren gainera.

Debekuetatik datozen egoera berezienak Gipuzkoako zenbait herritan izango dira (irakurri Berriako albistea ). PPk eta PSOEk berez oso boto gutxi dituzten herri batzuetan, alderdi horien zerrendak bakarrik onartu dituzte. Kasu hauetan, baliozko botoen %5 gainditzen badute, boto bakarrarekin bada ere, haientzat izango dira zinegotziak. Elduain bezalako herri batean, adibidez, nahikoa izango da PPren aldeko boto bakarra, ez baldin badira aldi berean 20 boto zuri baino gehiago, 5 zinegotziak eta alkatetza alderdi horrentzat izateko.

Irurako kasuarekin, proba bat egin dugu gure kalkulagailuan, aldagai hori ere zenbatu baitaiteke. PP eta PSOE bakarrik aurkezten dira hor. Berriaren arabera, 27 boto jaso zituen PSE-EEk eta 21 PPk 2003an, ia 1200 biztanleko herri horretan. Antzeko emaitzak gertatuko balira orain, estrapolazio bat egin dugu.

Demagun, 450 boto zuri direla Iruran, 20 direla PPrentzat eta 25 PSOErentzat. Boto zuriak Besteak-1 alorrean jarri ditugu kalkulurako, eta emaitzak diosku:

  • ikus irudia Lehen alorreko Besteak-1 jori benetako zerrenda balitz, zinegotzi guztiak hartuko lituzkeela zerrenda horrek... baina kontua da, ez delako benetako zerrendarik hor, eta banaketarako bakarrak PP eta PSOE liratekeela. Gure kalkulagailuak erakusten du, kasu horretan, zero zinegotzi lituzketela bi horiek, baina PPren kasuan %5etik azpiko marka jarria dauka emaitzan, gorriz inguratua irudian. Ez ordea PSOErenean, urdinez azpimarratua. Alegia, boto kopuru horiekin, PSOEk zazpi zinegotzi eramango lituzke, eta batere ez PPk. Gipuzkoako boto zurien kontu honetan, herri horietan baliogabetu dituzten zerrenden botoak ez dira zenbatuko.

Imanol Muruak beste kalkulu batzuk ere egin ditu bere blogean, kontua baita ezker abertzale debekatuak zuriaren alde barik, EAE-ANV-ren zerrenda baliogabetuen alde egiteko eskatu duela herri horietan.

Erantzun

Sartu