Teknologia albisteak
2

Euskara eguna debekatua Portugaleten

Erabiltzailearen aurpegia
E.A. - Portugaleteko euskaltzaleak
2007-05-11 : 10:05

Portugaleteko udaleko ordezkariek larunbat honetarako antolatutako Euskera Eguna ospatzea debekatu dute. Dirudienez arazo tekniko batzuk omen daude,eta beraz, larunbaterako Euskal Herrian Euskaraz kolektiboak antolatutako ekitaldiak bertan behera utzi dituzte.

Goizean haurrentzako jolasak, eguerdian ekitaldi txikia eta bazkaria eta arratsalde partean erromeria egitea zuten iragarrita antolatzaileek.

Gertatutakoaren berri emateko prentsaurrekoa eman dute ostegunez Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek hainbat talde eta herritarren babesarekin.

Ondoren agertzen diren lerroak idatzi dituzte antolatzaileek gertakaria salatzeko.

PORTUGALETEN EUSKARA OFIZIALA

Udala euskaldunduko dugu
Udala herriko euskaltzale eta elkarlanean aritutako elkarteei zuzendutako erasoa dela eta, ez dugu EUSKARA EGUNA ospatuko.
Udalak kontu teknikoen aitzakipean egunaren ospakizuna aurrera eramatea galarazi digu. Beste behin ere ezkutuko zentsura politikoa erabili da herritarron aldarrikapena isiltzeko.
Duela astebete, Burlata eta Atarrabian (Nafarroan) antzeko ekimena burutzea debekatu zuten. Oraingoan erasoa ez dator Nafarroako agintarien eskutik, euskara ofizialtzat duen herri bateko agintarien aldetik baizik. Sanz bat baino gehiago dugu gure artean.
Udaletxetik politika egitea leporatzen digute; herri bazkaria ere politika omen da?? Izan ere herritar guztien hizkuntza eskubideak defendatzen ditugu.
Ez al da politika egitea euskararen normalkuntzari oztopoak jartzea? eta euskara eguna debekatzea? eta portuko gazte bulegoan langile euskaldunik ez egotea? Eta udal harreran langilegoa erdalduna izatea? eta edozein tramitea euskaraz egiteko baliabiderik ez izatea? eta "ni euskaraz bizi naiz eta zu" udalak martxan jarritako burla kanpaina? Hori bai dela politika egitea!
Herritar guztion hizkuntza eskubideen defentsan aurrean izango gaituzte.
Orain arte, Portugaleteko euskaldunok bigarren mailako herritarrak izan gara. Horren aurrean badago euskaraz bizi nahi duen hizkuntza komunitate bat.
Herritarrok dugu giltza. Portugaleten benetako ofizialtasuna GURE ESKU dago.
Euskaldunak izateagatik, hizkuntza eskubideak ditugu eta eskubide horiek borrokaren bidez eskuratu edo ez ditugu lortuko. Ezin gara etsipenean erori. Euskaldun bakoitza, egunez egun, euskararen aldeko eragilea behar du izan. Norberak bere esparruan hizkuntza eskubideak aldarrikatuz eta Udalari hizkuntza politika egokia exijituz. Ezin dugu zapalkuntza linguistikoa berezkoa izango balitz bezala onartu.
Aldaketa garaia dela eta hizkuntza eskubideei ateak zabalduko dizkien hizkuntza politika berria aldarrikatzen dugu.
Portugaleten Udala euskaldunduko dugu!
Beste behin ere udalak zentsura politikoa erabiliz benetako ofizialtasunaren oihua isildu nahi du. Ez dute lortuko, larunbatean Portuko kaleak bete behar ditugu euskararen alde!!
MANIFA: LARUNBATEAN, 13:00EAN UDALETXEKO PLAZA
UDALA EUSKALDUNDUKO DUGU! PORTUGALETEN EUSKARA OFIZIALA!


Erantzunak

Txopi
2007-05-11 : 13:42

Hemen, ostegunean egin zen agerraldiaren argazkia ikus daiteke:
http://euskalherria.indymedia.org/eu/2007/05/38539.shtml

joseba
2007-05-11 : 20:19

hizkuntza eskubideen behatokia balia liteke, edo jaurlaritzak martxan jarri duen elebide zerbitzua ere bai. legez borroka egin behar da hizkuntz eskubide zapalduen aurka. hori ere bada politika eta manifa bat baino eraginkorragoa izan liteke. edo gutxienez, jorratu beharreko beste ildo bat. udalak egiten/argitaratzen/idazten duen edozeren aurkako kexa andana bidali behar dugu, euskaldunon eskubideak zinez errespetatuak izan daitezen.

Erantzun

Sartu