Teknologia albisteak

Gaztezulo.com martxan da

Erabiltzailearen aurpegia
Gaztezulo
2007-05-09 : 14:05

GAZTEZULO aldizkaria berrituta etorri zen apirilean. Eta orain, maiatzean, webgunearen txanda da; www.gaztezulo.com martxan da. Sartu eta dastatu.

Webgunearen oinarri nagusia parte hartzea da. Beste gazteekin hitz egiteko, aholkua eskatzeko edo emateko, zalantzak argitzeko, unibertsitateko apunteak trukatzeko, planak egiteko, jendea ezagutzeko, deialdiak egiteko, gela bilatzeko, bizikleta salgai jartzeko… Ezinkonta ahala aukera duzue, beraz, Euskal Herriko zulozaleok. Protagonistak zuek zarete. Zuon zuloa da Gaztezulo.com.

Zer dakar, zehatz mehatz, gaztezulo.com-ek?

  • Orain arteko edukiak. GAZTEZULOk zazpi urtetan kaleratutako artikulu guzti-guztiak topatuko dituzu, bilatzeko modu errazean, gainera.
  • Disko eta liburu kritikak. GAZTEZULOk argitaratutako disko eta liburu kritika guztiak: 800dik gora.
  • Zinema inoiz ez bezala. Azken zazpi urteetan zinema aretoetan estreinatu diren eta egun dvd formatuan ikus daitezkeen film garrantzitsuenen kritika eta puntuazioa dakar GAZTEZULOk: 500dik gora kritika topatuko dituzu, euskaraz idatzitako kritika bilduma handiena eta eguneratuena da! Eta horrez gainera, karteldegiko filmeen puntuazioa, estreinatzear diren buruzko informazioa, aktore ezagunenen profila…
  • Sexua. Sexuzaleak gara, eta horren lekuko da ehundaka erreportajeez osatutako GAZTEZULOren bilduma. Baina, horrez gain, sexuari buruzko zalantza oro argituko du Larraitz Arando sexologoak gure weborrialdean.
  • Internet. Internet munduari buruzko erreportajeen bilduma. Gorka Julio interneten adituak erabiltzaileen zalantzak argituko ditu.
  • GAZTEZULOren parranda proposamena…. Nora joan nahi duzu asteburuan parrandan? Aldez aurretik gaztezulo.com-en sartu-irtena egitea eta aukeratutako herrian nolako giroa dagoen eta derrigorrez zein tabernatara joan behar duzun—edo nora ez…— begiratzea komeni zaizu.
  • Hitzordua egin eta jendea ezagutu! Dena dela, juergasmoan ibiltzeko, bertako jendeak egingo dizu ondoen gidari lana. Horregatik, zergatik ez duzu hitzordua egiten bertako gazteren batekin? gaztezulo.com-en beste gazte batzuekin harremanean jar zaitezke. Webgunea udako festa sorta luzearen atarian abian jarri zaigu. Demagun, beraz, Lesakako sanferminetara joan nahi duzula: webgunean proposamena egin ahal izango duzu, eta beharbada, lesakarren batek erantzungo dizu eta hitzordua jarriko duzue. Eta agian, beste gazte batzuk ere animatu egingo dira. Hori bai tentazioa…
  • Apunteak, lanak eta abar. Unibertsitariei ere lagundu nahi die Gaztezulok. Alferrikako lana egin ez dezazuen, batik bat. Ikasi bai baina atalean unibertsitateko apunteak, lanak eta antzekoak zintzilik jarri eta har ditzakezue. Azterketetan irakasleek hori gehiegi ez nabaritzea, erabiltzaileen esku, noski.
  • Harpidedunentzako abantailak. Gaztezulo aldizkariaren harpidedunok zulo berezia izango duzue Etxekoak izeneko atalean; zozketak, zuentzako informazioak, iradokizunak egiteko aukera…
  • Eta beste hamaika kontu. Agenda; gela edo etxebizitza bilatzeko aukera; saltzeko, erosteko edo trukatzeko tokia; argazkiak…

Maiatza erdialdean gehiago

Maiatza erdialdean webguneak beste berrikuntza garrantzitsu bat eskainiko du. Modu berezian parte hartzeko aukera bikaina. Beste webgune bat Gaztezulo.com-en barruan. Baina horren berri aurrerago emango dizuegu.

Erantzun

Sartu