Leioako Plazak eta kaleak antzerkiaren adierazpen guztiekin beteko dira: txotxongiloak, zirkua, kalejirak, umorea, musika eta malabareak. Bihar (maiatzak 31) hasi, eta ekainaren 3a arte.
Bihar, osteguna, hasiko da 2007. urteko Leioako Umore Azoka. Edizio berri honetan, eta igandera bitartean, nazioarteko 14 konpainia, estatu espainoleko beste 15 eta 16 konpainia euskaldun bilduko ditu. Lau konpainia euskaldun argentinar eta uruguaiar artisten lankidetzaz arituko dira. Guztira, 45 taldek euren azken lanak aurkeztuko dute, jasotako 300 proposamenetatik aukeratuak.
2007ko Umore Azokara hurbiltzen direnek estreinaldi ugari ikusi ahal izango dute eta jada Leioako ferian proposamen finkoak diren "El Espacio de Ilusión" eta "Las Artes del Cielo" guneak bueltatuko dira.
Aurkeztuko diren proposamenen artean 5 estreinaldi euskaldun izango dira: Latirili Teatro, Deabru Beltzak, Organik eta El Destilador De Ideas & Lesnadies eta La Pez leioarra.
Estatu espainoletik zortzi estreinaldi iritsiko zaizkigu: Musical Sport, Riki López, Belladona Teatro, Producciones Cachivache eta Nora, La Calabaza, Vagalume Teatro, Suroeste Teatro eta La Ruta. Azken hauek, Teatro Corsariorekin batera Kultur Leioako antzokia erabiliko dute, aretoko ikuskizunak diren heinean. Malabarak, magia, sua eta umoreari eskainitako esparruan, Espacio de Ilusión deitutakoa, nazioarteko 10 konpainia eta 9 estreinaldi ikusiko dira. Katalunyatik heldutako zenbait konpainia asteburu osoan zehar arituko dira zirku diziplina ezberdinak erakusten, Las Artes Del Cielo gunean.
Umore Azoka Leioako Udalak antolatzen du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kultura Ministerioaren laguntzarekin batera. Lau egunez, Leioak aukera paregabea eskaintzen du, publikoak, konpainiak, banatzaileak, programatzaileak eta prentsa antzerki hutsarekin batera bizitzeko. Harremanak sortzeko, ideiak elkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera, antzerkia eguneko hogeita lau orduetan bizi ahal izateko foroa.
Kaleko antzerkia ardatz dela, Umore Azokak urterik urte Euskadiko, estatuko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak eduki ditu, obra ugari estreinatu ditu, eta aldi berean artista berriei euren lanak erakusteko aukera eman die; horri guztiari esker finkatu egin da azoka gisa. Umore Azokak fresko irauten du, beteranotasunaren eta gaztetasunaren nahasteari esker.
Erantzun
Sartu