Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa aurkeztu du Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Egitasmoa Hego Euskal Herriko 14 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.
Egitasmoaren funtzionamendua sinplea da: parte hartzen duten herrietako liburutegietan, euskarazko 100 liburu egongo dira aukeran, kanpainarako beren-beregi jarritako apalategi batean. Liburu horietatik, 90 berdinak izango dira herri guztietan, eta beste 10, berriz, herrian bertan aukeratutakoak. 90eko multzoaren aukeraketa Patxi Zubizarreta idazleak egin du, gainontzekoak, berriz, herrian interes berezia izan dezaketenak dira. Apalategiaren ondoan, ordenagailu batek aukera emango du egitasmoaren webgunean sartu eta liburu guztien inguruko informazioa jasotzeko (sinopsia, egileen biografia, jasotako kritikak ).
Egitasmoan parte hartu nahi dutenek, ehun liburu horietako bat aukeratu, maileguan hartu eta irakurtzeko aukera izango dute. Liburua itzulitakoan, liburuaren inguruko fitxa sinple bat bete beharko da. Trukean, irakurleak deskontu txartela jasoko du liburua besteren bati oparitzeko. Liburua erostean, lagunaren helbidea eta postala edo oharra utziko da dendan bertan, eta Euskara Elkarteak helaraziko dio hartzaileari. Helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:
-Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea
-Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
-Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasi da, eta hiru hilabetez luzatuko da: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.
Guztira, 13 elkartek hartuko dute parte:
*Bizkaian: Bai Esan (Santurtzi), Berbots (Erandio), Asapala (Mahatserria), Ganoraz (Igorre), Berbaro (Durango), Euskal Birusa (Ermua).
*Gipuzkoan: Maxixatzen (Azkoitia), Noaua (Usurbil), Goibeko (Elgeta), Jardun (Bergara), Zintzo Mintzo (Urretxu-Zumarraga)
*Nafarroan: Bierrik-Kima (Altsasu), Aizpea-Pikuxar (Irurtzun)
Erantzun
Sartu