Atzo, apirilak 16, aurkeztu zen Eskoriatzako Ibarraundi museoan, Leintz bailarako hizkera eta ahozko ondarea biltzen duen proiektua. Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Leintz Gatzagako 100 hiztun ingururen ahozko jarduna dago erakusgai Interneten.
Badihardugu Euskara Elkarteak orain dela 4 urte hasi zuen martxan Deba Ibarreko Ahotsak izeneko proiektua. Bailarako euskara elkarte eta udalekin elkarlanean, helburu nagusia da bailarako herrietako kultura tradizionala eta hizkerak jasotzea eta hedatzea. Hau da: orain arte bailaran egin izan diren grabazio dialektologiko eta etnografikoak biltzea, grabazio berriak egitea (bideoz, euskarri digitalean), eta jasotako guztia antolatu eta hedatzea.
Lan guzti horren lehenengo emaitza atzo aurkeztu zen Eskoriatzan bertan: "Leintz bailarako hizkera eta ahozko ondarea". Proiektu horren barruan Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz Gatzagako grabazioak erakusten dira.
Orain artekoa bi webgune hauetan daukazue ikusgai:
Guztira 94 hiztunen jarduna jaso da, 80 grabaziotan, eta 1000 pasarte inguru daude kontsultagai Interneten. Grabazio batzuk (40 inguru), Badihardugu euskara elkarteak berak egin ditu azken bi urteotan; Itziar Alberdi eibartarrak jardun du lan horretan. Horrez gain, lehendik eginda zeuden beste makina bat grabazio ere datu-base berean txertatu dira, batez ere 2002. urtean Ruben Beitiak, Ainhoa Segurak eta Maider irizarrek egindakoak.
Oraindik ez dago dena transkribatuta eta ikusi-entzuteko moduan, baina dagoeneko hainbat pasarte kontsultatu daitezke, eta hemendik aurrera ere etengabe elikatuko da datu-base hori, grabazio, transkripzio eta bideo-pasarte gehiagorekin.
Herri bakoitzean, hizlari guztien zerrenda ikusi daiteke, hizlari bakoitzaren fitxa, eta hiztun bakoitzak esandakoaren laburpena. Hainbat kasutan, pasartearen laburpena ikusteaz gain, fitxategia ere ikusi daiteke (bideoz egindako grabazioen kasuan), edo entzun daiteke (MiniDisc eta zinten kasuan).
Hemen adibide batzuk:
Esan bezala, Leintz bailaran egindakoa, Deba ibar osoan (Debagoienan eta Debabarrenan) egindako lanaren zati bat da. Izan ere, eskualdeko herririk gehienak parte hartu dute proiektu honetan: Bergarak, Antzuolak, Oñatik, Arrasatek, Aramaiok, Elgetak, Soraluzek, Elgoibarrek, Debak, Ermuak eta Mallabiak. Kasu batzuetan udalaren bitartez, eta gainontzekoetan euskara elkarteen laguntzaz.
Ahozko Bilduma honetan bailarako herritar nagusiei egindako elkarrizketak biltzen dira, eta gure oroimen kolektiboaren eta, bide batez, hizkeraren ikuspegi zoragarria damaigute. Herriaren arabera sasoi, ikuspegi eta helburu ezberdinekin egindako grabazioak dira, baina denak gai baten ingurukoak (eskualdearen historia eta ohiturak), eta gure herrietako euskararen erakusgarri.
Deba Ibar osoko fonoteka ere aurki egongo da Interneten.
Erantzun
Sartu