Teknologia albisteak
1

Sautrela berriz ETB1ean

Erabiltzailearen aurpegia
Unai Ibarbia - Orio Produkzioak
2007-04-13 : 10:04

Sautrela saioak 183. atala beteko du larunbat honetan. Hasier Etxeberriak gidatuta, 8.denboraldian barrena, abiatuko da Sautrela saioa. Letren eta literaturaren errepublika txiki honek, Errepublika egunean, Apirilaren 14ean, larunbat honetan, ikusiko du argia berriro ere.

Gabon osteko atsedenalditik indarberrituta dator Sautrela. Literaturari ez ezik, letrei eta liburuei ere arreta berezia eskaini nahi die Hasier Etxeberriak gidatzen duen saioa. Gainera, gure idazleentzako plaza izateaz gain, Sautrelak munduko idazleei lekutxoa egin asmotan jarraitzen du. Maiatzan emitituko den saioan, adibidez, Hasier Etxeberriak Oja Kodar elkarrizketatuko du Bilbon. Kodar, Orson Welles-en emaztea izateagatik ezagun bada ere, idazle eta aktore izateagatik liluratzen gaitu gu.

Sautrela egiten duen lan-taldean ere bada nobedaderik: Edorta Jimenez eta Aurelia Arkotxaren ordez, Anari musikaria eta Iñigo Aranbarri idazlea arituko dira Irakurketa Hautatuak egiten. Horrezaz gain, Jon Artanoren ordez, Xabier Gantzarain arituko da gidoilari.

Lehen saioa apirilaren 14an izango da, 183. saioa, osagai hauekin: Elkarrizketa, Anjel Lertxundiri bere azken eleberriaren karietara, "Ihes betea" (Alberdania 2006) hain xuxen. Erreportajea, Vladimir Maiakovski poetari buruzkoa, halako egun batez egin baitzuen bere buruaz beste, euskal literaturan hain arrasto zabala utzi duen poetak; horretarako Jose Luis Otamendi eta Xabier Aldai elkarrizketatu ditugu, Maiakovskiren nortasuna eta literatur lanari buruzko hainbat kontu gurera ekartzeko. Lehen saio honetan estreinatuko da Anari, irakurketa hautatu batekin.

Hurrengo saioan, apirilaren 21ekoan (184.ean), Harkaitz Zubiriri egingo diogu elkarrizketa; opera prima batekin dator donostiarra, narrazio bilduma batekin: Zakur kale (Susa 2007) du izenburua eta lan mundua euskal letretara ekarri den aldi bakanetakoa da. Erreportajean, Liburuaren diruak izango ditugu aztergai; horretarako editore, idazle, saltzaile eta banatzaile bana elkarrizketatuko dugu, bakoitzak liburuaren salmenta prezioaren zein ehuneko jasotzen duen jakin asmoz. Saio honetan estreinatuko da Iñigo Aranbarri irakurle gisa.

Erantzunak

joseba
2007-04-13 : 20:20

Ez dakit Sautrelak zelako audientzia izango duen, ETB-1 berak duen batazbesteko kaxkarra bezain txikia akaso. Baina programa hori ikusteak poza ematen du eta telebista publikoak izan beharko luken zerbitzu publiko izateari zentzua ematen diola iruditzen zait. Kulturaren ispilu gustagarri. Eta Aranbarri fitxatu badute, zer irabazi asko dugu ikusleok, ziur.

Erantzun

Sartu