Teknologia albisteak

Recrea2, diseinua baino +

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Ventas - Elebi Taldea
2007-04-12 : 10:04

Abangoardiako mugimenduez ari garenean, artearen ikuspegi hertsi eta tradizionalenarekin zerikusia duten mugimendu plastikoak etortzen zaizkigu burura automatikoki: pintura, eskultura, grabatuak, argazkilaritza... Baina arte joerez ari garenean, ezin ditugu alde batera utzi arkitektura, industria-diseinua edota interiorismoa gisako adierazpen garaikideagoak.

Ikuspegi hori ardatz hartuta, ELEBI TALDEAk , Andoaineko Bastero erakusketa aretoko komisarioak, "Recrea2, diseinua baino +" erakusketa aurkezten digu. Hala, Bilboko San Frantzisko auzotik Ana Dávilaren eta Beatriz Silvaren lana ekarri du.

Eguneroko bizitzan birziklapenaren erabilpena hedatzeko urgentziak bultzatuta, Recrea2-ek irtenbide berriak bilatzen ditu gaur eguneko dekorazio beharrei eta erabilgarritasun nahiari erantzuteko. Materialen berreskurapena eta botatako hondakinen berrerabilpena oinarri hartuta, dekorazio tresnak sortzeko; hala nola, altzariak, argiztapen tresnak eta osagaiak. Bestalde, Anak eta Beatrizek ad hoc deseinuak, transformazioak, instalazioak eta dekorazio integralak egiten dituzte.

Hurrengo hiru kategorietan sailkatuko objektuak biltzen ditu erakusketak: gardenkiak, argiztatze estrukturala eta erabilera askotariko objektuak. Maiatzaren 26a arte bisitatu ahal izango da erakusketa Andoaineko Bastero aretoan.

GARDENKIAK

Recrea2-ek irtenbide gardenen eta zeharrargien alde egiten du. Hala, altzariak arindu egiten dituzte, ia desagertu arte. Mahai, apal, modulu, armairu edo tiradera gardenek edukia nagusitzen duten bolumenak sortzen dituzte.

Erakusketako komisarioek hala eskatuta, “gardenkiak” atalerako bi lan esklusibo sortu ditu Recrea2-k. Bi lan horiek ikusgai izango dira Basteron gainontzeko artelan guztiekin batera.

ARGIZTATZE ESTRUKTURALA

Recrea2-ek espazio arkitektonikoarekin eta horren bolumenekin bat egiten duen argiztatzearen alde egiten du. Argia gune baten lanpara bezala jartzen den objektu exentua baino askoz ere gehiago da Beatrizentzat eta Anarentzat. Hori dela eta, argiztatzea altzarien barnean sartzen dute.

ERABILERA ASKOTARIKO OBJEKTUAK

Recrea2-en arabera, objektuek erabilera bat baino gehiago izateak espazio eta baliabide ekonomia ahalbidetzen du. Era berean, objektuen erakargarritasuna handitzen du. Erakusketa honetan, espazioa aurrezteko tolesten diren lanak edota gelei zabaltasuna ematen dieten funtzio bikoitzeko altzariak daude ikusgai.

Erantzun

Sartu