Hiru.com atariak bi sari nagusi lortu ditu Infografiaren Nazioarteko Sarien hamabosgarren edizioan: "Egiptoko Piramideak" izeneko infografiak zilarrezko domina lortu du, eta hiru.com atariak berak 2006an egindako lanengatik ere saria jaso du.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sarean duen atariak, hiru.com-ek, bi golardo eskuratu ditu Infografiaren Nazioarteko Sarien hamabosgarren edizioan, Iruñan. Alde batetik, Egiptoko Piramideak izeneko infografiak zilarrezko domina lortu du, eta bestetik, hiru.com atariak berak 2006an egindako lanengatik. Lehenengo aldia da infografien esparruan egindako lanagatik Hezkuntza atari batek Malofiej saria lortzen duela.
Izan ere, iaz, hiru.com-ek lau infografia argitaratu ditu atariaren honako ataletan: Historia, Geologia, Geografia, eta Biologia.
Historia atalean dago, hain zuzen ere, saria jaso duen infografia: Egiptoko Piramideak izenekoa. Eraikuntzak duela 4.500 urte baino gehiago egin zituzten, erregeak lurperatu eta bizitzaz haratago babesteko.
Halaber, Geologia atalean, Lurraren Egiturari buruzko infografia dago. Horri esker, Lurraren itxura eta neurriak, barnealdea, lurrazala eta Lurreko atmosfera ezagutu dezakegu, besteak beste.
Era berean, Geografian, Gizakia eta Zibilizazioa atalean, Meatzaritzaren barruan, lurrazaletik hainbat mineral mota nola ateratzen diren azaltzen duen Meatzaritza izeneko infografia topatu daiteke.
Azkenik, Biologian, Ekologiaren barruan, Migrazioak izeneko atalean, Hegaztien Eraztunketa Zientifikoari, buruzko infografia dago. Orain dela 100 urte baino gehiago hasi ziren hegaztiei marka jartzen, hegaztien biologiaz eta migrazioez informazio zabalagoa lortzeko, eta horixe du ardatz laugarren infografia horrek.
Guztira, 1.500 lan aurkeztu dira, 22 herri desberdinetatik datozenak, eta 95 domina banatu dira, horietatik 12 urrezkoak izan dira; 22, zilarrezkoak, eta 61, brontzezkoak. Guztien artean, garaile The New York Times egunkariaren edizio digitala dugu, nytimes.com, Sector Snapshot lanari esker. Lan horrek jaso du golardo garrantzitsuena, Peter Sullivan saria, infografietako Pullitzerra, hain zuzen ere.
Bestalde, eitb24.com-ek lau golardo jaso ditu, zilarrezko domina bat iaz argitaratu zituen lanengatik (San Frantzisko Xabierkoaren V. Urteurrena, Venus Express Misioa, Alemaniako Mundiala eta Frantziako Tourra) eta brontzezko domina irabazi dute aipatutako azken hiru infografiek, hurrenez hurren.
Bai hiru.com-eko bai eta eitb24.com-eko lanak ere 90 grados enpresako Aitor Eguinoa eta Cristian Werb kazetari grafikoek egin dituzte.
Informazio gehiago eta sarituen zerrenda osoa, Malofiej Sariak webgunean.
Erantzun
Sartu