Teknologia albisteak
2

Gaztetxulo hilabetekaria GAZTEZULO bihurtu da

Erabiltzailearen aurpegia
Aitziber Iartza - Gaztezulotik
2007-03-30 : 18:03

Sei urte pasatxoko ibilbidearen ondoren, goitik behera berrituta datorkigu GAZTETXULO aldizkaria. Kanpotik eta barrutik eraberrituta, izena eta izana aldatuta, etapa berri bati ekin dio gazteei zuzendutako euskarazko hilabetekariak. Izen aldaketa eta etapa berria? Bai, ondo irakurri duzu: aurrerantzean, Gaztetxulo GAZTEZULO bihurtuko da, gazte guztien zuloa, planeta, bilgunea izan nahian

Orain arte bezala, era guztietako edukiak eskainiko ditu GAZTEZULOk, baina berebiziko ahalegina egingo dugu, molde eta joera berriak gure egiteko.

  • Zerbitzuei eta teknologia berriei are tarte zabalagoa eskainiz.
  • Kulturari garrantzi gehiago emanez.
  • Euskal Herriari eta nazioarteari zorrotz begiratuz.
  • Lotsagabe, zirikatzaile eta umoretsu arituz, baina, konprometituz.
  • Azken korronte eta joeren berri emanez.
  • Irakurleen proposamenei eta partehartzeari ateak parez pare zabalduz.
  • Diseinua goitik behera eraberrituz.
  • Orrialde gehiago eskainiz: jada 80 orrialde ditu, koloretan.
  • Prezio merkean: 14 euro baino ez urtean, 11 zenbakiren truke.

Zergatik aldaketa?

Aldizkariak oinarri sendoak ditu: 10.400 aleko tirada, 6.700 harpidedun, 1.200 saltokitan salgai...

Hori guztia lortu du GAZTEZULOk, eta gazteek gogoko dute. GAZTEZULOk aspaldi ekin zion bere bide propioari, Irutxuloren itzaletan egoteari utzita. Sei urte pasatuta, izenez ere Irutxuloren alaba izateari utzi dio. Zuloa bide independientea egiteko gogoaren adierazle izateaz gain, guztion bilgune, planeta, zuloa izateko asmoaren ikur ere bada. Zulozaleak izan gara izatez, eta orain izenez ere hala gara.

Lehenengo GAZTEZULO

Apirilekoa lehenengo GAZTEZULO da, eta bertan ikus ditzakezue aldaketak. Gainera, azal berezia egin dugu lehenengo zenbaki honetan. Sex in the city (Sexo en Nueva York) telesailaren estetika baliatuz, lau neska jarri ditugu sexuaz lotsarik gabe hitz egiten. Ilaski Serrano esatariak, Sara Cozar aktoreak, Aitziber Garmendia aktoreak eta Larraitz Arando GAZTEZULOko sexologoak gauza interesgarri asko kontatu dizkigute sexuaz. Horrez gain, Galder Izagirre argazkilariak kaleko paretetako afitxetako irudien begiradekin eginiko erreportaje fotografikoa; Mikel Agote olatu erraldoien surflariarekin elkarrizketa eta abar dituzue GAZTEZULOn.

Aurkezpen festa

ZULOzale guztiei orain arte gurekin egon izana eskertzeko, proiektu berria ezagutarazteko eta etorkizunean zuloetan elkartzen jarrai dezagun, festa antolatu dugu. Bilboko Kafe Antzokian izango da, apirilaren 3an, 22:00etatik aurrera, eta sarrera doan da. Kerobia taldeak kontzertua eskainiko du, eta ondoren, Selektah Sound Systemeko kideak musika jartzen ariko dira, break dantzarien jauziek lagunduta.

Laster berrikuntza gehiago

Maiatzaren 1ean www.gaztezulo.com webgunean martxan jarriko dugu. Webgune indartsu eta berritzailea izango da, baina hori guztia apirila bukaeran azalduko dizuegu.

Erantzunak

Josu
2007-03-31 : 00:01

Joxerra Garzia irakasleak honi buruz hitz egin zigun klasean. "Gaztezulo, hire gustuko zuloak".

newton
2007-03-31 : 13:57

Jaso dut GazteZulo berria etxean, aldaketak nabariak dira baina betiko filosofiari jarraitzu. Aurrera pausu handia, nik behintzat orain gustokoagoa daukat.

Zorionak GazteZulo posible egiten dutenei ;)

Erantzun

Sartu