Teknologia albisteak

Yahooren e-posta kontu berriak mugarik ez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-03-29 : 14:03

Horrela saldu du Yahook bere e-posta kontu berria: "infinituraino eta urrunago" iristen omen da. Hau da, ez dauka leku mugarik, eta nahi adina mezu eta fitxategi gorde ahalko dituzu bertan. Google vs. Yahoo gerraren beste urrats bat.

Interneteko bi handien arteko gerrak aurrera darrai. 2004ko apirilean Google izan zen merkatua zoratu zuena, Gmail produktua aurkeztu zuenean. Ordura arte, e-mail hornitzaile gehienek 5-10 Mb inguruko kontuak eskaintzen zituzten (tartean Yahoo), eta Google Giga bateko (1 Gb) e-mail kontuak eskaintzen hasi zen, "you'll never need to delete another message".

Horren ondorioz, eta handik lasterrera, Yahoo 100 Mb eskaintzen hasi zen, eta 2005eko martxoan, Gmail-ek eskaintzen zuen berbera eskaintzera heldu zen, Giga bat, alegia

Google, baina, ez zen larritu eta hilebetera bikoiztu egin zuen bere eskaintza: "Giga bakarra Yahook, eta guk bikoitza, 2 Gb". Kapazitate hori, gainera, egunez egun handitzen da (kontagailua hazten ikusi daiteke), eta une honetan 2.8 Gb inguruan dago.

Orain arte Google izan da garaile, baina Yahooren azken eskaintza ezingo da erraz gainditu: Yahoo goes to Infinity and beyond, infinitoraino eta haratago, alegia. Mugarik gabeko e-mail kontua.

Hala ere, garbi dago gaur egun Megak eta Gigak ez direla arazo; datuak gordetzeko sistemak merkeak dira. Bi handien arteko borroka, hortaz, erabiltzaileei zerbitzurik azkar, eroso eta onena eskaintzen dienak irabaziko du.

Googleren azken urteotako estrategia ikusita, ziur egon gaitezke beste berrikuntzaren bat prest izango duela eta hemendik gutxira aurkeztuko digula. Zer izango ote da?

Erantzun

Sartu