Teknologia albisteak

Txikira beti hordago!

Erabiltzailearen aurpegia
Joserra Beloki - Donostiatik
2007-03-16 : 09:03

Sam beltz burusoilak arrastaka eramango du pianoa ostiral honetan, berriro; Donostiako Parte Zaharreko sotoan zehar;Bronx beltzetik Manhattan zuriraino, alegia.

Sam beltza da. Eta burusoila. Eta lokarri lodi bat dauka lotuta gerri-bizkarraldeetan. Eta lokarritik zintzilik piano bat. Piano etzan zuri eta handia, 11 urte beltz bete zituenean aitak dendatik deskuiduan hartu eta Sami eskaini ziona, erregalo. Eta hor doa Sam, egunero, egunero, goizeko sei t’erdietan… hartz polar bat dirudien piano etzana arrastaka, Bronxeko kale beltzetatik Manhattango kale zurietaraino, 5. Avenue-ko 76. metro geltokiraino. Eta han paratzen du bere pianoa, eta gero New York, New York, eta What a wonderful world eta As time goes by…; goizero, goizero, Charlieren, eta Marvinen agur nahiz adar-jotzeek lagunduta, Chester, Ray, eta Gunter-en zigarroen hats hotzak eta Eddie izozki saltzailearen hats beroak aldean, beti Bronxeko kale beltzetatik Manhattango kale zurietaraino, 5. Avenue-ko 76. Metro geltokiraino, eta gero han New York, New York, lehendabizi, eta What a wonderful world eta As time goes by gero, negu bateko elur malutetatik ageri diren takoi gorri batzuek daramaten siluetaren lurrin garden nahiz nahasia gora behera…

Txikira beti hordago! musikaz lagundutako narrazio-saioa
Ostiral honetan, hilak 16
Donostiako Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), arratsaldeko 7,30ean

Narrazio-saioa izen bereko ipuin-liburuan dago oinarritua (Bertol Arrietak, Erein, 2004) eta bertan honako hauek hartuko dute parte:

Bertol Arrieta, narratzaile.
Xabier Etxabe, kantua eta gitarra.
Iñaki Oliden, soinu handia.

Gonbidatuta zaudete...

Erantzun

Sartu