Teknologia albisteak

Bonelli arrano jaioberriaren ibilerak zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Bartzelona
2007-03-15 : 08:03

Bartzelonako diputazioak kudeatzen dituen naturguneetan zenbait webcam jarri dituzte hainbat animaliaren joan-etorriak zaintzeko. Bideo-kamerei esker, besteak beste, joan zen astean arranokumea izan duen Bonelli arrano bikotearen irudiak ikus ditzakegu zuzen-zuzenean.

Bonelli arranoa (Hieraaetus fasciatus) arriskuan dagoen espeziea da. Mediterraneo inguruan bizi den hegaztia da, eta bere populazioaren %80 inguru Espainian dago (750 bikote inguru). Azken urteotan beherakada nabarmena izan du, eta zenbait erakunde eta elkarte gogoz ari dira lanean, gainbehera hori eteteko.

Bartzelonako diputazioa, esate baterako, beste ekimen batzuen artean, orain dela urte batzuk bere naturguneetako espezie batzuen ibilerak bideoz grabatzen hasi zen, eta beste animali batzuen artean, 2006ko udazkenaz geroztik hiru Bonelli arrano habia grabatzen dituzte.

Grabatu ez ezik, irudiak zuzenean ikusteko aukera ere badago Internet bidez.

Horrela jakin dute, arrano amak urtarrilean jarritako bi arrautzetatik, lehenengo arranokumea jaio zela joan zen astean (martxoaren 7an), eta bigarrena azken egunotan. Kumeen eta gurasoen ibilerak zuzenean jarrai ditzakezu webgune honetan.

Erantzun

Sartu