Informazioa iritsi zitzaigun postontzira, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu berri batena: Bizilagun. Javier Madrazo sailburuak zuzentzen duen Etxebizitza sailaren eskaintza berria. Zerbitzua erabiltzeko orduan, telekomedia espainol batean sartu naizela iruditu zait...
Bizilagun zerbitzuaren izen ofiziala zera da: Jabetza horizontalaren eta hiri-errantamenduen zerbitzu publikoa. Baina propagandan irudi eta esaldi grafiko bat agertzen da: Eskailerako bilera. Tira, praktikoa dirudi, komunitatearen kontuak eramaten laguntzeko. Halako gora-beherekin gabiltzanez, gainera, denon artean lan batzuk egin behar direla eta, aholkularitza ondo etorriko zitzaigula pentsatu nuen, eta kontaktuan jarri nintzen.
Kontaktuan jartzeko, beraz, propagandan zetorrenera jo nuen: www.bizilagun.info
Ez dago webik. Gezurra da. Ez dute martxan jarri.
Tira, ba, telefonoz. Donostia, Bilbo eta Gasteizko zenbakiak ageri dira eta Donostiakora deitu nuen. Kaixo, zera eta zera... Perdona, no te entiendo. Tira ba, euskara dakien norbaitekin jarriko didazu? No, aquí no hay nadie que hable euskera. Ez une horretan, ez bestela ere, ez dago modurik. Tira ba, ba gaztelaniaz jarraitu behar. Eta, gure kontuek agian abokatu baten beharra ere izan dezaketela kontuan hartuta, ea abokaturen batekin egin daitekeen zita. Bai, egin daiteke, goizetan bakarrik Donostiako bulegoan (lanorduak edo herrietan bizitzea, traba). Eta, bueno, bulegariekin ezin bada, txandetan izango ote dute abokatu euskaldunen bat. No, no hay ningún abogado que hable euskera.
Oso ondo.
Beste bi dei egin ditut goiz berean. Elebide zerbitzura, euskarari Jaurlaritzako zerbitzu honek nolako tratu eskasa ematen dion salatzeko. Nota hartu didate, eta espero dut informazio gehiago ere emango didatela haien gestioez. Era berean Etxebide zerbitzura ere deitu dut beste protesta bat egiteko: han euskaraz artatu naute, eta esan diet jarri dituzten bilera ordu eta tokiak ez direla batere aproposak.
Bizilagun? Aquí no hay quien viva-ko komunitatearentzat egokia izango da, beharbada, baina euskaldunentzat ez. Eta paperak webgunea martxan jarri baino lehen banatze horrek zeren antza du? Hauteskundeak dira aurten eta Javier Madrazo Etxebizitza sailburua konturatuta egongo da.
Bizilagun.info izan daitekeenaren zirriborro bat dirudi horrek. Ez dago informaziorik, ez dago klikatzeko ezer. Eta www.bizilagun.info ez dabil.
Web guneari dagokionean, nahi baduzu www.etxebide.info tokitik sar zaitezke bizilagun.info web gunean.
Hortxe doakizu esteka zuzena
Aio.