Teknologia albisteak

Euskara eta IKTak: Jaurlaritzaren 2007ko laguntza deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-02-21 : 12:02

Gaur argitaratu da EHAAn Eusko Jaurlaritzak euskara teknologia berrietan sustatzeko emango dituen 2007ko dirulaguntzen deialdia. Bihartik hasita hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, martxoaren 21 arte, beraz.

Honako multzoak hartzen dituzte laguntzek:

A multzoa: Euskarazko atari eta webguneak, eta partehartze eta komunikaziorako edukiak egitea eta komunitate birtualak sustatzea helburu duten egitasmoak. Egitasmook zerbitzu anizkoitzak eskaini beharko dituzte. Edukiak eta zerbitzuak euskaraz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere dituzten atari edo webguneetan euskarazkoak bakarrik izango dira laguntza gai. Bi alorretako proiektuak aurkez daitezke:

  • Euskarazko atari edo webguneak egitea helburu duten egitasmoak.
  • 2007 baino lehen sortutakoak eduki eta zerbitzuez sistematikoki elikatzea helburu dutenak.

Euskarazko atari edo webgune horiek guztiek zera eduki beharko dute:

  • Etengabe eguneratzeko plangintza.
  • Agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua. Ezkutuan bada, eskatzaileak bisita-neurgailuaren emaitzak ikusi ahal izateko aukera teknikoa emango dio HPSko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.

B multzoa: Hizkuntzen teknologietan euskara integratzeko egitasmoak, hizkuntza-baliabide oinarrizkoak eta aplikatuak. Ezinbestekoa izango da hizkuntza-baliabideak zein hizkuntza-tresnak merkaturatzea. Aplikazioen eta produktuen garapena bakarrik onartuko da. Zerrendatuta, alor hauek aipatzen dira:

  • Ahotsaren ezagutza edota sintesian oinarritutako aplikazioak.
  • Lexiko etiketatuak.
  • Hiztegi elektronikoak.
  • Lematizatzaileak.
  • Corpusak.
  • Bestelako lanabesak: orain arte garapenik izan ez dutenak edota berrikuntza nabarmena dakartenak bakarrik.

C multzoa: Softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea helburu duten egitasmo mota hauek:

  • Enpresa-kudeaketarakoak.
  • Erabilera orokorreko tresnak edo lanabesak.
  • Aisialdia eta bizi-kalitatea hobetze aldekoak.
  • E-inklusiorako lanabesak.

Egitasmo hauek guztiek Interneten kokatzeko edo publiko zabalarentzako eskuragarri egoteko moduan merkaturatzeko plan jakina izan beharko dute nahitaez.

D multzoa: Bizi-kalitate eta aisialdiko edukiak:

  • Jolasak.
  • Ikus-entzunezko edukiak.
  • Erabilpen handiko zerbitzuak.
  • Ez-gaituentzat egokitutako edukiak.

E multzoa: Lan mundurako euskarazko edukiak:

  • Mikroenpresentzat eta autonomoen elkarteentzat erabilera orokorreko edukiak.
  • Mikroenpresentzat eta autonomoen elkartzeentzat eduki espezifikoak.

Laguntzetatik kanpoan utziko dira, besteak beste, era honetako egitasmoak:

  • Alderdi politiko, hauteskundeetarako koalizio, sindikatu, giza mugimendu, gobernuz kanpoko erakunde nahiz elkargoenak.
  • Elkarte, fundazio zein enpresek beren bazkideentzat edo langileentzat soil-soilik garatutakoak.
  • Atari eta webgune pertsonalak.
  • Atari eta webgune puntualak (gertakizun, ekitaldi edo jardunaldi jakin baten inguruan propio antolatutakoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).
  • Demoak eta prototipoak.

Deialdian 1.350.000 euro banatuko dira. Deialdiaren xehetasun guztiak EHAA buletinean

Erantzun

Sartu