Teknologia albisteak

"The Police" taldea berriro elkartuko da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-02-14 : 13:02

"The Police" taldeak aste honetan iragarri duenez, taldekideak berriro elkartu, eta datozen hilabeteotan hainbat kontzertu emango dituzte. Police zaleentzat zenbait lotura bildu ditugu ondorengo artikuluan.

Taldea sortu zela 30 urte betetzen dira aurten, eta 20 urtez banatuta egon diren hiru taldekideak berriro elkartuko dira aurtengo udan, munduan zehar 30 kontzertu inguru emateko. Lehenengoa Vancouverren izango da, Kanadan, maiatzaren 28an. Webgunea ere badute, The police tour, oraindik ez guztiz osatua.

The Police

The Police taldea 1977an sortu zen, Ingalaterrako 3 gazte elkartu zirenean: Gordon Sumner Sting, Andy Summers eta Stewart Copeland.

Euren lehenengo arrakasta "Message in a bottle" (1979) abestiarekin lortu zuten, eta hortik aurrera munduko talderik ospetsuenetakoa bihurtu ziren, besteak beste, lau urtean 6 Grammy irabaziz.

Diskografia osoa My strands webgunean eta Wikipedian.

Taldearen azken lana "Synchronicity" (1983) izan zen. Diska hori izan zen, beharbada, arrakasta handiena ekarri ziena, baina handik gutxira banatu ziren, 1986. urtean.

Azken urteotan ere, berriro elkarrekin

Ia hogei urtez banatuta egon ondoren, azken urteotan pare bat aldiz elkartu dira. Lehenengo aldiz 2003. urtean, Rock and Roll Hall of Fame delakoan sartu zirenean. Egun horretako hainbat bideo Youtuben dituzue, esate baterako Message in a bottle abestiarena.

Joan zen igandean ere berriro elkartu ziren Grammy sarien 49. edizioan Roxanne abestuz eta emanaldi horren ondoren adierazi dute taldea berriz batuko dela.

Sarrerak erosteko

Pentsatzekoa den moduan, Tour honek diru izugarria mugituko du. Oraindik ezin da sarrerik erosi (Ameriketako kontzertuetako sarrerak datorren astean jarriko dira salgai, 50-225 dolar bitarteko prezioan), eta Europako kontzertuak ere ez dira erabat zehaztu.

Hala ere, sarrerak saltzeko hainbat webgune sortu dira dagoeneko, Internet izango delako sarrerak lortzeko modu nagusienetakoa. Hona hemen pare bat:

Erantzun

Sartu