Teknologia albisteak

23, argazkiak sareratu eta partekatzeko zerbitzua, orain euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Ibai Oihanguren - 3ARRANO
2007-02-12 : 09:02

Zure argazkiak diska gogorrean zokoratuta dituzu, zure ingurukoekin partekatu beharrean? 23 da behar duzuna. Argazkiak sareratu, partekatu, antolatu, inprimatu,... denetik egin dezakezu doako zerbitzu hau erabiliz. Gainera orain %97an euskaratuta dago.

Argazkiak igo Zure doako kontuarekin hilero 30 argazki igo ahalko dituzu. Baina gehiago nahi baduzu, beti daukazu "23 Plus" zerbitzua erosteko aukera, urtero 20 euro ordainduz eta argazkiak igotzeko inolako mugarik gabe.

"23"rekin argazkiak igotzea oso erraza da. Bi era dituzu zure kontura argazkiak igotzeko: webgunetik edo e-postaz.

  • Web interfazetik igotzeko, zoaz "Igo" atalera, eta bete azalduko zaizun inprimakia. Aldi berean nahi beste argazki igo ditzakezu, baina ez da gomendagarria 6-8 baino gehiago igotzea (eta gogoan izan zure hileroko muga!).
  • Argazkiak posta mezu bat bidaliz ere igo ditzakezu. Mugikorreko argazkiak igotzeko oso erabilgarria da aukera hau, eta ez du inolako zailtasunik. "Ezarpenak" atalean e-posta helbide sekretu bat aukeratu behar duzu, eta gero helbide horretara bidali zure argazkiak.

Antolatu

Argazkiak behar bezala antolatzeko, "23"k hainbat aukera ematen dizkizu. Hauetariko bat albumen sorrera da. Baina ez nahastu, "23"ko albumak ez dira argazki-album fisikoak bezalakoak, izan ere "23"n argazki bakoitza album batetan baino gehiagotan sar dezakezu. Album bateko argazkiak ikusterakoan, dataz, ikustaldi kopuruz, eta beste hainbat irizpideren arabera ordenatu ditzakezu.

Antolatzeko beste aukera bat etiketen erabilera da. Argazki bat igotzen duzunero honi etiketak gehitu ahalko dizkiozu, eta gero bilaketak izugarri erraztu.

Partekatu

"23", batez ere, zure argazkiak munduari erakusteko zerbitzu bat da. Hala era zuk aukeratzeko duzu argazki bakoitza pribatua edo publikoa den, eta zein erabiltzailek ikus dezaketen eta zeintzuek ez. Beraz, zuk daukazu zure argazkien gaineko kontrol osoa.

Argazki batzuk zure lagunei erakutsi nahi dizkiezula? Ba hauei argazkietara loturak bidaltzea erraztuko dizu "23"k. Zure blogean argitaratu nahi dituzula argazkiak, baina testua sartuz eta orriaren egitura erabakiz? Ba istorio bat sortuz lortuko duzu hori.

Eta noski, zure argazkiak ikusten dituztenek iruzkinak gehitzeko aukera izango dute, ez soilik era tradizionalean, baita argazki-oharren bitartez ere. Honela, argazkiaren zati bati oharrak jartzeko aukera dago (Flickr-en ikusia izango duzue).

Argazki-taldeak sortzeko aukera ere badago. Honela, "Graffitiak" izeneko talde bat sor dezakezu, eta bertan taldeko kideek graffitien argazkiak bidali eta hauei buruz solas egin ahalko dute.

"23"ri ez zaio ezer falta, ezta jarioa ere, noski. Beraz, zure argazkiak RSS irakurle bat erabiliz jarraitzeko aukera dago.

Inprimatu

Zure argazkiak inprimatu nahi dituzu, baina etxean daukazun inprimagailuak kalitate exkaxeko irudiak baino ez dizkizu eskaintzen? Jar zaitez zure herriko kopiagintza denda (fotokopiak, etab. egiten dituzten denda horiek) batekin harremanetan, "23"tik bidalitako argazkiak inprima ditzan, eta gero gehitu dendaren informazioa "23"ren datu basera. Zuk aukeratu ahalko dituzu argazkien neurriak, eta beste zenbait xehetasun. Oraingoz atzerriko denda batzuk soilik daude 23n, baina zure esku dago hemengoak ere bertan azaltzea.

Orain euskaraz

"23" hizkuntza ugaritan erabil daiteke, eta orain euskaraz ere bai, erabiltzaile ezezagun batek hasitako eta 3ARRANOk ia amaitutako itzulpenari esker. %97 dago euskaraturik, eta beraz itzulpen osatuenen artean hirugarren postua dauka euskarak, aurretik ingelesa (%100) eta daniera (%99) soilik dituelarik.

Beti bezala, gogo onez hartuko dira akatsen berri ematen duten mezuak edo itzulpena hobetzeko proposamenak 3arrano@3arrano.com helbidean.

Oharra: "23" euskaraz ikusi ahal izateko saioa hasi behar duzu aurrena, eta zure ezarpenetan gure hizkuntza aukeratu.

Erantzun

Sartu