Urtarrilaren 20tik 25era bitartean VII. Munduko Gizarte Foroa burutu da Nairobin, Kenyan Beste mundu bat posible da leloa aldarrikatuz, globalizazioaren eta neoliberalismoaren aurrez aurre.
Afrikan egin den lehen aldia da; aurretik lau aldiz Porto Alegren (Brasil), behin Mumbain (India); eta iaz foro polizentrikoa (Bamako, Karachi eta Caracasen). MGFk milaka pertsona maila lokalean, erregionalean eta mundu mailan mugitzeko duen indarra dagoeneko frogatua du.
Bertara joateko aukera izan dut Saharako Errepublika Demokratikoaren aldeko Gasteizko elkartearekin, RASDeko ordezkari taldearekin batera. Foroa Kasarani Kirol estadioan izan da, hiriburutik 20 kilometrora, 3.000 metro koadrotako espazioan eta hiru gunetan banaturik.
Mundu osoko 80.000 lagun inguru bildu gara justizia soziala, nazio arteko elkartasuna, generoen arteko berdintasuna, bakea eta ingurumenaren babesa bezalako gaiak lantzeko. Aurtengo forumaren goiburua Jendearen borrokak, jendearen alternatibak izan da. Ondoko arloetan bildu dira landutako gaiak: ura; erakunde nazional/internazionalak eta demokrazia; bakea/gerra; etxebizitza; emakumeen borroka; duintasuna/giza aniztasuna/bereizkeria; giza eskubideak; gazteria; elikagaien ziurtasuna/laborantza erreforma; lana; hezkuntza; ingurumena eta energia; osasuna; ezagutza/informazioa/komunikazioa; zorra; migrazioak; merkataritza askea; kultura; nazio arteko korporazioak; haurtzaroa eta ekonomia alternatiboa. Horietaz gain hainbat kultur ekintza ere izan dira.
Foroari hasiera eman zitzaion Kiberan, Nairobiko bazter auzo handiena. Bertatik atera zen martxa bat Uhuru parkeraino. Bertan egun guztian musika izan genuen, mundu osoko musika taldeek girotua eta jendea abestuz, dantzatuz, aldarrikatuz
. Hurrengo egunetan beste 1.200 ekitalditan parte hartu dugu bertaratuok
Saharari buruzko bi hitzaldi egin ditugu hilaren 22an: Ekialdeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideen egoera eta autodeterminazio eskubidea. Aurreko urteetan izandako bideari jarraituz, Marokoko hainbat ordezkari hitzaldiak eragozten saiatu ziren. Mahai-inguruan galde erantzunen unea iritsitakoan, zenbait liskar eragin zituzten arren, egin ahal izan ziren bai goizekoa zein arratsaldekoa. Goizeko liskar horien ondoren, estadioan zehar manifestaldia egin genuen bertan bildutako lagunek. Horren guztiorren ondorioz, arratsaldean jende gehiago hurbildu zen mahai-ingurura eta gainera, zenbait europarlamentari ere bai, Espainiako eta Kataluniako parlamentariak, hain zuzen ere, euren babes hitzak eskaini zituzten. Ondorioz, marokoarrak etorri ziren arren, hitzaldia bukatu baino lehen alde egin zuten. Garaipen handia sahararrentzat.
Sei eguneko eztabaida luzeen ondoren, ekimena globalizazioaren aurkako martxa handi batekin bukatu zen.
Gizarte mugimendu aurrerakoien arteko elkarrizketa, hainbat intelektualen ekarpenak jasotzeko aukera, globalizazio neoliberalaren aurrean estrategia berriak pentsatzeko, esperientziak partekatzeko eta guztion artean gizartea aldatzeko estrategiak sortzen joateko onuragarria izango den esperantzarekin bueltatu naiz etxera. Nahiz eta kritikagarriak izan daitezken zenbait arlo ere ikusi ditudan indarberrituta, lanerako gogoz eta ametsak ekintza bihurtzeko esperantzarekin itzuli naiz etxera. Eta ni bezala beste milaka.
Erantzun
Sartu