Otsailaren 15ean, Donostiako Ernest Lluch Kultura Etxean, "Mathilde maitatzeko moduak" ikuskizunaren estreinaldia izango da, Julen Gabiria idazlearen eta Txuma Murugarren abeslariaren arteko elkarlan berria.
"Mathilde maitatzeko moduak" Txuma Murugarren musikariaren eta Julen Gabiria idazlearen arteko elkarlanetik sortutako emanaldia da.
Murugarrenen 10 abesti harilkatuta, Gabiriak istorio bat kontatuko du, eta elkar osatzera etorriko dira musika eta hitzak. Gabiriaren istorioak kontatzen ez diguna, Murugarrenen kantuek kontatuko digute, eta alderantziz.
Formazio erakargarri batek osatuko du aipatutako bikotea: Rafa Aceves arituko da pianoan eta Natxo Beltran baterian.
Istorioaren narratzaileak guztiz finkatuta ditu bizitza eta etorkizuna, itxura batean. Bat-batean, ordea, bizitza egonkor hori hankaz gora jar dezakeen jolas bat bururatu zaio: kalera irten eta topatzen duen lehenengo neskaren atzetik hasiko da, itsu-itsuan.
Edonora doala ere, jarraitu egin beharko dio neska horri, ondorio guztiekin. Jazarpen hutsa izan zitekeen, espiotza-jolas ezdeusa, gizon aspertuaren kapritxo arina. Baina ez da jolasa, are gutxiago neska horri agenda erortzen zaion unetik eta narratzaileak agenda horretako telefono batzuetara deitzeko erabakia hartzen duen momentutik.
Nor da neska hori, norengandik doa ihesean? Nor da Mathilde, zergatik begiratzen du beti atzerantz?
Mathilde maitatzeko moduak
Erantzun
Sartu