Teknologia albisteak

Lan, bizi eta ... IKASI euskaraz: Prestakuntza.net

Erabiltzailearen aurpegia
Artez Euskara Zerbitzua
2007-01-30 : 09:01

Euskaraz ikasi, bizi eta lan egiteko asmoa dutenek leku berria dute: www.prestakuntza.net. Artez Euskara Zerbitzuak webgune berri hau jarri du sarean, bertan euskaraz prestakuntza eskaintzen duten erakunde, autonomoak eta enpresak agertzen dira. Guztiz doakoa da bertan izena eman eta eskaintzen dituen aukerak erabiltzea.

Lan munduan euskalduntzea etorkizuneko erronka da. Euskara arlo sozioekonomikoan normalizatzeko bidean, euskaraz ematen den prestakuntza ezinbesteko tresna bihurtu da. Zoritxarrez, oraindik ikastaro eta prestakuntza gaiak jorratzerakoan euskara normalizatu gabe dago; ez da oso ohikoa euskaraz ikastaroak izatea kalitate, segurtasun, ofimatika edo antzeko arloetakoak .

Artez Euskara Zerbitzuaren asmoa hutsune horiei erantzuteko baliabide bat eskaintzea izan da, hau da, euskaraz ematen den prestakuntza bilduko duen webgune bat egokitu eta jendearen zerbitzura jartzea. Izan ere, bertan lekua dute ikastaroak euskaraz ematen dituzten zentro, akademia, irakasle autonomoak eta baita interesgarria izan daitekeen gidaliburuen informazioak ere.

www.prestakuntza.net erabiltzea oso erraza da. Webgune hau erabili ahal izateko lau aukera eskaintzen dira: erabiltzaile bezala (ikastaroen berri jaso nahi baduzu), zentro eta irakasle bezala (ikastaroak eskaintzen dituztenak agertzeko) edo gidaliburuen ekarle bezala (interesgarriak diren gidaliburuak agertzeko).

Erantzun

Sartu