Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sareko Argia saria 2007: IKTeroak

Sustatu - Txitxardin Beltza
2007-01-26 18:01

Jakintza ikastolako Manu Olano zuzendaria, eta hiru IKTeroak, irten dira saria jasotzera: Maite Goñi Sei, Mikel Etxarri Magic, eta Jokin Lacalle Jolaus. Jolausek irakurri du eskertza hitzaldia (PDA batetik irakurtzen!).

Kike Amonarriz showmanak aurkeztu du aurten Argia sarien ekitaldia, Lasarte-Oriako Txitxardin Beltza jatetxean. Gainerako irabazleak hauek izan dira:

  • Prentsa idatzian, Felix Ibargutxi, Diario Vascoko kazetaria.
  • Telebistan, Wazemank.
  • Irratian, Irulegiko Irratiaren sortzaile Jojo Bidart.
  • Publizitatean, Oarsoaldeko Euskara Batzordea.
  • Eta merezimenduzko saria, AEKren Aizu aldizkariari.

Zorionak denei, eta IKTeroei bereziki.

Argudio hauekin eman ditu sariak Argiako lantaldeak:

Sareko Argia saria: IKTeroak

Bada irakasle talde bat Internetekiko duen zaletasuna bere ikasleengana zabaltzea lortzen duena. Irakasle talde hau informaziorako teknologia berrietan trebatu da eta esperimentatu dutena bere ingurukoekin bezala herritar guztiokin partekatzen ari da eten gabe. Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) hezkuntzarekin nola uztartu erakusten digute beren izenak dioen bezain ero ez dauden irakasleok.

Prentsa idatzia: Felix Ibargutxi

Euskarazko prentsa irakurtzen dutenek, 45 urte baino gehiago dutenek, 1979an izango zuten gaur saritu dugun kazetari honen berri. Orduko Zeruko Argian plazaratu zituen erreportajeek jadanik erakusten zuten kazetarikastako gizon baten lana. Geroztik, gaztelerazko informazioen erdian ikusi ditugu gizon honen idatziak. Euskarazko kultur produkzioaren jarraipena zorrotz eta oso hurbilekoa egiten du.

Alor horretan, eguneroko aktualitatearen jarraipena egiteaz gain, gure gizon honek badaki ezkutuagoko harribitxietara iristen eta horiek erreportaje ederretan azaltzen. Gipuzkoako hainbat ospakizunetan, kulturarekin, herri-jakintzarekin edo naturarekin zerikusia dutenetan batez ere informazio lan isila egiten duen gizon hau gure klasikoetako bat da jadanik.

Publizitatea: Oarsoaldeko Euskara Batzordearen

Eta zuk zer? kanpaina Gipuzkoan sortutako kanpaina batek merezi izan du. Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batekin gertatzen da, tarteka, hizkuntza bera izatea publizitate-gai. Publizitate-mezuen egokitasuna eta merituak baloratzen ditugu sarritan baita horiek zelofanez biltzen dituen estetikaren balioak ere baina gaur saritu nahi izan dugun kanpaina honek gogorarazi digu komunikazioaren oinarria den hizkuntza bera oraindik arazo dela hemen.

Euskal irrati publikoetan joan den urtean entzun ditugun iragarki batzuetan euskara normaltzeko egiten diren ahalegin ugarien aipamenaren ondotik, haurrek galdetzen zieten gurasoei: “Eta zuk zer?”. Alegia: gurasoek zeresan handia dutela euskararen normalizazioan.

Iragarkien kalitatea baloratu dugu ARGIA SARI hau ematerakoan; eta baita ere familia bidezko euskararen transmisioa sendotzeko publizitatean inbertsioa egitea bera ere.

Telebista: Wazemank

Euskal Telebistak hilabete asko darama eskaintzen aspaldi ikusi dugun umore-programa dinamikoena. Programa honek bere egile eta antzezleek esan nahi dugu arrakasta handia lortu dute ikus-entzuleen artean. Saio horretan edonor karikaturizatzen gaituzte zuek, ni, kaletarra, baserritarra, aitafamiliakoa bezala punkia eta baita euskara bera ere. Eta hala ere, gure herri suminkor honetan guztiok irri eta farre egitea lortu dute. Horrek adierazten du publiko zabalarentzako lan egiteaz gain zabaltasunez jokatzen dutela beren umorea egiterakoan.

Irratia: Jojo Bidart

Baxenafarroako kazetari bati eman diogu. Komunikazioa maite duten beste militante batzuekin batera, tartean gaur bere emaztea dena, aurten 25 urte beteko dituen Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa izan zen. Baina ez dugu urteotan egindako lana bakarrik saritu. Gaur ere Baxenafarroako eta oro har Ipar Euskal Herriko komunikatzaile erreferente bat da gizon hau, gizarteko gai nagusiak sakonki eta aldika umorez jorratzeko daukan estilo ezagunarekin.

Iparraldeko herritar askok ekonomian, politikan edo kulturan jokatzen diren apustu askoren jarraipena irakasle ere baden kazetari honen eskutik egiten dute. Bizi sozialean errotik inplikatua, mahai-inguru askotan aurkituko duzue gidari edo moderatzaile lanak egiten Iparraldeko pertsona ezagunen edo boteretsuenen artean; eta beste bilkura askotan, txoko batetik, grabazioa egiten aurkituko duzue hura elaboratu ondoren biharamunean entzuleei eskaintzeko.

Merezimenduzko Saria: Aizu! Aldizkaria

Merezimenduzko ARGIA SARIA merezi duen komunikabide honetan mende laurdena daramate lanean, 1981eko abenduan Durangoko Liburu eta Disko Azokan beren aurkezpena egin zutenetik. Euskarazko prentsa krisi betean zegoen garai hartan, aldizkari berri bat sortu eta biziarazteko oso argi eduki behar zen xedea: euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasten ari ziren helduei beren neurrira egindako komunikabide berri bat eskaintzea.

Une garratzak bat baino gehiago jasan behar izan dituzte urte guzti hauetan. Klase guztietako zailtasun eta oztopoak gainditu beharra ere bai.

Baina beti lortu dute beren zerbitzu-lana burutzen jarraitzeko adorea, unerik neketsuenean ere ironia eta umorea ahaztu gabe, euskara ikasten ari diren pertsonen zerbitzuan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu