No Béarla: Esperimentu soziolinguistikoa Irlandako telebistan
2007-01-31 08:01
Irlandako telebista publiko baten ideia: kazetari gaztea ipiniko zuen irla osoan zehar bidaiatzen, baina soil-soilik gaelikoz egingo zuen berba, egoera eta leku guztietan, baita Belfasteko auzo orangistenean.
Manchán Magan kazetaria
Ingeles apur bat dakienarentzat, sarean saio honen atal batzuk azpitituluekin ikusi daitezke, bai Manchán Meganen webgunean, bai Youtuben, bai TG4 kanalaren webgunean (bertan, ezkerretan "Siamsaíocht - Cartlann" aukera sakatu eta bilatu "No Béarla" izeneko erreportaia).
Ikusiko duzuenez, emaitza ez da oso itxaropentsua izan, eta argi erakusten du zer gertatu daitekeen epe ertain edo luzera hizkuntz gutxitu baten aldeko politikak eragingarriak ez direnean. Dena dela, saioa nahiko bitxia eta atsegina egin zaidan arren, zalantza daukat benetan mota honetako programa batek balio ote dezakeen hizkuntzaren alde egiteko ala ez ote duen joera negatiboa berresten, ikusaraziz irlandarrak gaeliko barik zoriontsu bizi direla.
Amaitzeko, Kantauri Itsasoa zeharkatu eta natorren etxera: euskararen egoera, nire ustez, ez da gaelikoarena bezain txarra, baina... zein izango zen emaitza honen moduko programa bat Euskal herrian eginez gero? ETB ausartuko al zen gisa honetako zerbait egitera? Galderak airean.
Erantzunak kargatzen...