Konpondu.net bloga aurkeztu du Ibarretxek
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Konpondu.net webgunea aurkeztu du gaur. Duela zenbait aste inkesta batekin ireki zen webgune hori (hala jaso genuen Sustatun), eta gaur edukiz hornitua ageri da. Oraingoz, blog bat dela ematen du. Idazteko aukera noren esku dagoen ez dago argi, baina erantzunak libre eta moderatu gabe daude.
Webgunearen interfazea elebiduna da, baina edukia, zaku berean doa, oraingoz ikusgai dagoen blogaren partean, euskaraz zein erdarazko mezu edo hariak, toki berera doaz. Eta blogaren atalek (bi oraingoz), gaztelaniazko izenak dituzte: Participación ciudadana, eta Fin de la violencia.
Participación ciudadana atalean euskarazko aurkezpen mezu bat ageri da:
Gizarteak ozen adierazi du bake nahia, baina herritarrok tresnak behar ditugu helburu hori erdiesten laguntzeko. Gaur abian jartzen dugun blog honek horietako bat izan nahi du. Hemen denak balio du, irainak izan ezik. Guztia ongietorria izango da, ezer baztertu gabe. Iritzia azaltzeko aukera ezberdinak izango dituzu: inkesten bidez edo egunero azalduko diren komentarioaei zure iritzia plazaratuz. Halaber, zuzenenan aldierdiengana jo nahi baduzu, aukera izango duzu. Iritzi guztiak helaraziko dizkiegu ezagutu ditzaten herritarron ikuspuntuak. Sarean gaude, 2.0 filosofiaren eskutik baina aldi berean sare jostunak gara, alanbre fin horren gainean lanean ari direnen segurtasunerako.
Erantzunak uztea, oraingoz, libre da, moderatu gabe dago.
Jaurlaritzak ohar ofiziala kaleratu du, eta han zehazten denez, webgunearen aurkezpenean Ibarretxek esan du ekimen hau aitzindaria dela mundu mailan eta "Euskadin eta munduan banatuta dauden" euskaldun guztiak bertan aktiboki parte hartzera bultzatu ditu.
Interneterako sarbidea ez duten pertsonek 902540499 telefonoaren bidez parte hartu ahal izango dute ekimen honetan, Jaurlaritzak dioenez.
Erantzunak kargatzen...