Teknologia albisteak

Linguanet, Lan Munduko Hizkuntza Plangintza ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia
Eli Almandoz - Asmoz Fundazioa
2007-02-06 : 09:02

Lan mundua euskalduntzearen arloa euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua da. Enpresetan lan handia egiten ari dira arlo honetan eta horren erakusle da euskara lan hizkuntza gisa erabiltzen duten eta erabiliko dutenen kopura gorantz doala dioen datua. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteke.

Soziolinguistikako formazioa lan munduan ezinbestekoa da, ez soilik enpresetan diharduten teknikarientzat, baita koordinatzaileentzat, beste arlo batzuetan ari diren euskara teknikarientzat eta arloan bertan lan egin nahi dutenentzat ere.

Hori dela eta, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Emun, Elhuyar eta Artez elkarteekin elkarlanean Linguanet Internet bidezko Lan Munduko Hizkuntza Plangintza ikastaroa antolatu dute. 50 ordutako ikastaro honek, euskara planen inguruko oinarrizko ezagutza teorikoa eskainiko du internet bidez eta eguneroko praktiken esperientziak ezagutzeko aukera, aurrez aurreko hiru tailer praktikotan izango da. Ikastaroak pedagogikoki, formazio malgua, arina eta trinkoa eskaintzen du.

Otsailaren 26an hasi eta maiatzaren 31ean amaituko da eta izen ematea otsailaren 20ra bitarte zabalik egongo da.

Informazio gehiago nahi baduzue, gurekin harremanetan jar zaitezkete: http://www.linguanet.asmoz.org

Erantzun

Sartu