Teknologia albisteak
4

Zergatik Firefox: testigantzak

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Faroa
2007-01-10 : 11:01

Gero eta jende gehiagok darabil Firefox Interneten nabigatzeko. Mundu osoan milioiak eta milioiak dira erabiltzaileak. Euskal Herrian ere, gero eta gehiago. Asko, ordea, oraindik ez dira ausartzen saltoa ematera. Horientzat, hainbat testigantza ekarri ditugu hona; batzuk adituak dira Internet kontuetan eta beste batzuk, erabiltzaile hutsak. Denok kontatuko digute zergatik darabilten Firefox.

Gari Araolaza (CodeSyntax)
Azken bost urteotan Mozilla eta bere oinordeko Firefox erabili ditut nire eguneroko lanean. Nabigatzailea da nire lanean zabaltzen dudan lehen aplikazioa eta ixten dudan azkena. Hiru urtez Windows-en erabili dut arazorik gabe eta azken bi urteotan Linux-en erabili dut. Pasahitz, cookie eta beste guztiak arazorik gabe pasatu nituen sistema batetik bestera.

Lehen ere aplikazio ona zen, baina e-posta programatik banandu eta bera bakarrik gelditu zenetik, askoz gusturago erabiltzen dut. Nabigatzaile azkarra da, arina eta erabilgarria. Fitxa bidezko nabigazio gabe ezingo nuke bizi, eta sufritzen dut nonbaiten Explorer erabili behar dudanean. Pasahitzak, formularioetako datuak gogoraratzen ditu, eta oso erraz kudeatu daitezke. Pop-up leihoak kontrolatzen ditu eta norberaren eskutan gelditzen da bere kontrola.

Segurtasun aldetik ere, Phising-erako arriskua minimoa da hasieratik, ez Explorer bezala, non helbide barran helbide okerrak erakusteko aukera zegoen hasiera batean. Bestalde, segurtasun arazo bat sortu eta oso egun gutxira (gehienez 4 edo 5) eguneraketa automatikoki deskargatzeko proposatzen dizu nabigatzaileak berak. Jakina da Explorerren kasuan sarritan hilabeteak pasatu direla segurtasun akatsak konpondu gabe.
Asko erabiltzen ditut luzapen edo estentsioak, eta horien bidez aplikazio asko gehitu daitezke gai oso desberdinetarako. Orain momentuan adibidez, Firefox 2.0-ri esker Xuxen euskarazko zuzentzailea lotzeko modua dago, eta oso ondo dabil!

Garatzaile moduan Explorerrek baino estandarren errespetu hobea eskaintzen du eta horri esker errazten zaigu garapena, nahiz eta bukaeran Explorerrentzat konponketak egin behar izaten ditugun, gauzak “gaizki” kodetuz, Explorerren ongi ikusi daitezen.

Iban Arantzabal (Goiena)
Hasieran gomendioz ezagutu nuen Firefox. Internet ingurunean asko erabiltzen da. Gainera, diseinuan sartuta ibili nintzen sasoi batean eta aplikazio batzuk bazituen Explorerrek ez zituenak, CSSak lantzeko.

Firefoxen gustatzen zait gehien-gehien fitxa sistema, gustatzen zait diseinu aldakorra izatea, gustatzen zait atzetik duen soft librearen filosofia guztia (komunitatea egiteko zer hobeto?), gustatzen zait librea delako, bizkorra delako, euskaraz ere badagoelako, gustatzen zaizkit eta behin eta berriz harritzen naute Firefox-eko gehigarriek. Aipagarrienen artean, euskaldunondako: Euskalbar Firefox-erako tresnabarra eta Xuxenen aplikazioa nabigaziorako. Eta hau erabiltzen ez dutenek ez dakite zer galtzen duten.

Peio Arreitunandia (IMH)
Guk 350 PC ditugu, (ia) guztietan biak instalatuta, Firefox eta IE, eta oraindik ez dira sutan jarri. Hori bai, erabiltzaileak, gero eta gustorago, gutxika-gutxika, Firefoxera pasatzen ari dira. Gutaz aparte, beste ikastetxe batzuk ere bide hortatik doaz (Iurreta, Mendizabala…), guztiak gela eta PC askorekin, eta denok gustura.

Josu Azpillaga (CodeSyntax)
Firefox-ekin nabigatzen hasi nintzenean, batez ere abiadura eta pestainen (goiko tab-ak) aukera estimatzen nizkion gehien nabigatzaile honi. Oraindik ere, abantailarik handienak horiek iruditzen zaizkit. Gero ohartu nintzen, ordea, bazituela abantaila gehiago: hizkuntzen trataera egokiagoa, leihoak blokeatzeko aukera, appletak-eta instalatzeko orduan transparentzia handiagoa (kontrol gehiago) eta orriak erakusteko orduan estandarrak errespetatzea, batez ere.

Eta, orain, Firefox nabigatzailearentzat komunitateak prestatu dituen estentsioak erabili ahal izatea estimatzen dut izugarri. Denetarako daude estentsioak eta lana asko errazten didate hauetako batzuk.

Luistxo Fernandez (CodeSyntax)
Firefox software librea dugu, eta euskaraz dago. IExplorer ere euskaratuta ikus daiteke, baina sistema eragilearen konfigurazioaren baitan dago hori. Luzapen interesgarri mordoa dago Firefox-erako, adibidez, Euskalbar hiztegi kontsultak egin ahal izateko. Fitxen bidezko nabigazioa ere oso erosoa da Firefox-en. Bookmarkletak askoz errazago kudeatzen dira Firefox-ekin, bestalde: jendeak ikasi beharko lituzkeen aplikazio txiki interesgarriak dira bookmarkletak…

Estandarretara egokituago dagoela, eta segurtasunaren aldetik sendoagoa dela, gauza jakina da, Interneten apur bat dabilenarentzat.

IExplorer plataforma bakarreko softwarea da. Firefox, guztietan dabil, baita Mac eta Linuxean, primeran gainera. Tresna bat toki batean ikasi, edozein plataformatan erabili (norberak bere hobespenak batetik bestera migratzeko, adibidez).

Patxi Gaztelumendi (gaztelumendi.org)
Ez naiz inoiz Explorer erabiltzailea izan. Interneten hasi nintzenean, 94-95 Netscape erabiltzen genuen. Ondoren, gainbeherak direla kausa, Mozillarekin hasi ginen. Nabigatzaile librea ordurako, sekulako aukerak eskaintzen zituena. Suite berean posta zerbitzua, mozilla composer —html orriak egiteko aukera ona— eta nabigatzailea integratuta. Apur bat astuna zela zioten, pisutsua, orduko garatzaileek, eta Euskal Herrian Librezalekoei esker Mozilla ere euskaraturik geneukan ordurako. Mozilla Firefox agertu zen gero, eta hasierako bertsioetatik erabili izan dut. Euskaraz beti. Eta Interneteko langintzetan egunero darabilt Firefox. Azken bertsioa ere, 2.0 azkarra, ziurra, arina, inteligentea eta erabilterreza iruditzen zait, euskaraz daukagu, gainera.

Euskarak inoiz izan dituen tresna onenak dauzka eskura. Software libreak, auzolanak eta nazioarteko lankidetzak aukera horiek eskaintzen dizkigute. Software pribatibo eta kapitalistarekin ez da horrelakorik gurea bezalako komunitate txikientzat.

Maite Goñi (Jakintza Ikastola)
Aitortu beharrean nago Firefox nabigatzailearen erabiltzaile berantiarra naizela. Ohituta nengoen Internet Explorer erabiltzera eta beste IKTeroek Firefoxen onurak adierazten zizkidatenean, beti uzten nuen proba beste egun baterako edozein aitzakiaz. Dena den, fitxa sistema eta gehigarriak (hedapenak eta pluginak) ezagutu orduko, ordura arte galdutako denboraz ederki damutu nintzen!

Beraz, interesgarriena, aipatutako fitxa sistemaz gain, lor daitekeen integrazio maila da. Gehigarri mordoska erants dakizkioke eta hauek, gainera, etengabe eguneratuz doaz. Egun, nire jardun osoa bertatik abiatzen da: Euskalbar (ezinbestekoa), posta, jarioa, del.icio.us, gune interesgarri guztiak, bilatzaileak, fireFTP, musika, eguraldia, CSS kudeatzailea, kolore identifikadorea, neurtzailea eta ohar bloka dira, besteak beste, ohikotasunez erabiltzen ditudan tresnak.

Azkenaldi honetan, Firefoxen erabilera gure ikasle eta irakasle guztien artean zabaltzen dihardugu buru-belarri eta dagoeneko bere fruituak ematen hasia da. Amaitzeko, euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu nahi nuke.

Asier Irizar (HUHEZI)
Zergatik Firefox? Egia esan, ez zait iruditzen galdera zuzena denik. Beste era batera planteatuko nuke nik. Zergatik ez? Baliabide azkarra da, euskaraz dago, gainerako bilatzaileek ematen dituzten ia aukera guztiak ditu (eta beste batzuk ere bai, gainerakoek ez dituztenak). Nire lanerako ezin egokiagoa da, Euskalbar instalatu nuenetik 8 hiztegi baititut esku-eskura. Eta, gainera, software librea da!!! Eguneraketak etengabe, jaitsi nahi ditudan fitxategiak ziztu bizian… nola ez naiz, ba, Firefoxen aldekoa izango?

Mikel Irizar (Piperrautsa)
Duela hilabete batzuk erabiltzen dut Firefox nabigatzeko eta Thunderbird postarako, baina aurrez ere Mozilla erabiltzen nuen; bertsio zaharragoa, nabigatzailea eta posta batera zituen hura. Software librearen aldekoa naiz, bi arrazoirengatik: behetik gorako ekimenak maite ditudalako; eta Interneten sekulako produktuak ari direlako sortzen modu horretan

Firefox berriarekin gustura nabil. Euskaraz oso txukun dago; orri askorekin batera jardun behar dudanean (eta hau gero eta sarriago tokatzen zait) oso sistema egokia du orri guztiak eskura edukitzeko eta arazorik gabe saltatzeko batetik bestera; eta diseinua ere asko gustatzen zait, argia da oso. Aspaldi ez dut Explorerrik erabili, ez dakit nola bilakatu den azken urteotan. Izan ere, Explorer gabe nabil sarean eta ez dut inoiz izan haren inbidiarik.

Gorka Julio (Elurnet.net )
Firefox erabiltzen hasi nintzen oraindik Firefox deitzen ez zenean, oraindik Phoenix izena zuen eta beta fasean aurkitzen zen. Zergatik beta dagoen software bat erabili? Nire buruari galdera hori erantzuten ia 5 urte beranduago zaila da baina bi arrazoi nagusi daude.

1. Esperimentazioa, informatika gustatzen zitzaidanez, beti gustatu izan zait esperimentatzea eta gauza berriak probatzea, garai horietan software librearen munduan murgiltzen hasi nintzen eta Firefox nire lehenengo pausotako bat izan zen (aurretik Linux instalatu nuen baina betiko arazoa gertatu zitzaidan: ados instalatu dut, eta orain zer?).

2. Internet Explorerri alternatiba bat bilatu. Internet Explorer ez zitzaidan gustatzen: nahiko mantsoa zen, eta gainera segurtasun arazo ugari zituen. Garai horietan segurtasun kontuei buruzko nire interesa oso handia zen (hacking mundua asko interesatzen zitzaidan) eta horrek ere Firefox erabiltzera eraman ninduen.
Beste galdera hau ere egin diot neure buruari. Zergatik Phoenix probatu ondoren erabiltzen jarraitu zenuen? Bilatzen ari nintzena topatu nuen sentsazioa izan nuen, azkarragoa, seguruagoa, errazagoa, baina batez ere bere inguruan mugitzen zen komunitate aktiboa. Komunitate honek Firefox inguruan tresna eta berrikuntza ugari sortzen hasi zen eta horrek interes handia pizten zidan.

Igor Leturia (Elhuyar)
Hasteko, Firefox askoz seguruagoa da Internet Explorer baino. Akats gutxiago ditu eta ez du ActiveX moduko teknologia arriskutsurik.

Erabiltzaile gisa, Firefox-ek abantaila mordoa ditu: “pestañak”, pop-up leihoen blokeatzea… Baina “de serie” dakarren abantaila horiez gain, erabiltzaileek garatzen dituzten eta aukeran instala ditzakezun “plugin” pila ditu, asko oso erabilgarriak, eta ni orain beraiek gabe nabigatu ezin izango nukeenak. Eta orain euskarazko zuzentzailea ere jarri diezaiokegu Firefox-i, formularioak-eta betetzen ditugunean (blog baterako artikulu bat idaztean, adibidez) zuzen idazteko. Horrez gain, Linux daukadan ordenagailuetan ere badabil Firefox.

Eta garatzaile gisa, Internet Explorer amesgaiztoa da. Web gune bat estandarrak betez garatzen baduzu (Javascript, XHTML, CSS), badakizu Firefox-en ongi ikusiko dela eta egin behar duena egingo duela. Aldiz, Internet Explorer-en ez, eta kristorenak eta bi egin behar izaten dira Microsoft-en nabigatzailean ere ongi ibil dadin. Baina nola jende gehienak hori erabiltzen duen, ez dugu beste erremediorik… Gainera, web garatzaileentzat Firefox-ek "Web Developper Toolbar" plugin-a dauka, oso erabilgarria, guztiz ezinbestekoa esango nuke.

Arantza Mongelos (HUHEZI)
Aukera izan nuen Firefox ezagutzeko nahiko kasualitatez, ezagun baten bidez. Egia esan, oso modu sinplean azaldu zidan (telefonoz) zer egin behar nuen programa jaisteko eta beste bi gauza (pestainen erabilera, besteak beste). Horrela egin nuen, eta ordutik hona beti Firefox saiatzen naiz erabiltzen, askoz ere "user-friendly" egiten zait, nahiz eta IEk saiakerak egin dituen (ez da berdina). Firefox oso erraz ikasten da erabiltzen eta oso fidagarria dela uste dut. Bestaldetik, software librea izateak ere konbentzitu ninduen, baina hori askoz ere aurrerago izan zen.

Jabi Zabala (Irratia.com)
Segurtasunaren funtsaz ezin dizut azalpen handirik egin, baina fido naiz seguruagoa dela dioten adituez. Nabigazioa zinez Explorer 6rekin baino errazagoa da fitxen ("pestañas") bidez. Pop-up molestagarrien kontrako ezaugarria bikaina da… Horregatik kopiatu ditu ezaugarri horiek Explorer 7k plagio nabaria eginez… Gainera, estandarrak betetzen ditu, librea da, euskaraz da…

Arkaitz Zubiaga (Zabaldu.com)
Firefox software librea da eta horrek izugarrizko askatasuna eskaintzen dit nabigatzailea pertsonalitzerako orduan: hiztegiak, zuzentzaile ortografikoak, bilatzaileak, albisteak jarraitu ahal izateko RSS irakurleak…, eta beste gehigarri mota mordoxka erantsi dakizkioke, nahi dudan moduan erabili ahal izateko. Eta gainera, %100 euskaraz dago!

Erantzunak

piban
2007-01-10 : 16:35

Nik batxilergoko informatikako klasean ezagutu nuen Mozilla firefox. Egun hartan etxera heldu bezain pronto internetetik deskargatu nuen lehenengo gauza programa hori izan zen.



Izugarri gustatu zitzaidan klasean, alde batetik fitxa sistemarengatik eta beste alde batetik euskaraz jartzeko aukera zegoelako.



Geroztik beti erabili dut Mozilla edo Firefox. Eta unibertsitatean nagoenean, explorer-a erabili behar badut ez dudalako beste aukerarik deseroso sentitzen naiz.



Gainera azkarragoa dela esaten dute, eta ala bada, niretzat hobe.

Aiol
2007-01-10 : 22:59

Ni ere askoz erosoago sentitzen naiz Firefoxekin nabigatzen. Azkarra, segurua, erabilerraza, fitxak, RSS, gehigarriak... izateak, euskaraz egoteak eta estandarrak errespetatzeak nire nabigatzaile gogokoena egin du firefox. Orain Unibertsitateko ordenagailu publiko hoietako bat erabiltzerakoan egiten dudan lehen gauza Firefox instalatzea da eta bide batez, IEren ikonoek Firefox zabaltzeko konfiguratzea, jeje

Ander
2007-01-11 : 09:43

Ez naiz errepikatuko. Aspaldi darabilt firefox. Nire gogokoena da zalantzarik gabe. Testigantza hauei saltsa bizi pixka bat gehitzearren...


Ez naiz errepikatuko. Aspaldi darabilt firefox. Nire gogokoena da zalantzarik gabe. Testigantza hauei saltsa bizi pixka bat gehitzearren...


Zergatik erabili behar izaten dut Internet Explorer?


Basikoki zenbait lekutan behartzen nautelako.


Goiko testigantza idazleetatik hiruk oso ongi ulertuko naute, Joxek, Asierrek eta Arantzak etxean badakite zer den IE nahitaez erabili behar izatea, www.huhezi.edu bisitatzea besterik ez dago.


Unibertsitate publikoak oraintxu berritu duen webguneak kritika dezente jaso ditu. Konparaketa guztiak naskagarriak direla diote.....


Itxier
2007-01-16 : 21:47

Gure esperientziaren arabera esan behar dugu, FireFox anbigatzailea askoz seguruagoa dela Explorer nabigatzailea baino.

Askotan Explorerrak arazo asko ematen ditu konektatzeko garaian. Gainera, birus gehiago sartzen dira. Ondorioz, FireFox-a erabiltzea gomendatzen dizuegu.



Erantzun

Sartu