Teknologia albisteak
14

Urteurren jaiaren neure kronikatxoa

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Sustatu, CodeSyntax
2006-12-14 : 11:12

Pozik nago, Sustaturen 5. urteurreneko jaia nola irten zitzaigun. Atzo, apur bat urduri nengoen, zalantza horiekin ea beti bezala harrikadak jota lagun baino etsai gehiago egiten ote ditudan... Baina gonbidatu genituen hizlariek ere probokazioaren bidea hartu zuten, eta horrek arintzen du nire kulpa. Teknologiaz jardutea etorkizunari aurre egitea dakar, ausardia behar da, lotsa gutxi, kontzientziak zirikatu. Sustaturen bidea halakoa izan dadila aurrera begira ere!

Aldatu dugu apur bat urteurrenarei buruzko orria, eta presentazioak hemen kargatu ditugu, Slideshare erabilita. Zaila da hitzez eman dena, lagungarri soil horren laguntzarekin irudikatzea, hala ere. Adibidez, Iban Arantzabalen aurkezpenean, hitz-gakoak besterik ez daude, ez Ibanek esan zuena komunitatea terminoa azpimarratu zuenean... Ed Freyfogleren aurkezpena, berriz, 80 diapoz osatua dagoela ikusiko duzue: ba, bost minutuan pasatu zituen, taka, taka, eman eta eman, hitzaldi bizi batean. Iban Zalduaren powerpointa ulergarriagoa da, hala ere, eta bizitzan egin duen lehena kontuan izanda, badu meritua gure gonbidatuak.

Ed Freyfoglek nondik nora iritsi den Euskal Herria esan zigun: Yahoon ibili ondoren, orain Javier Etxebesterekin dabil Nestoria proiektuan, eta horretan, CodeSyntax-ek (Tagzanian duen esperientziarekin) zerbait egin duela ere esan zuen. Eskerrik asko loreengatik. Horrez gain, Euskal Herrian Interneten dabiltzanok, atzoko audientzia, izan zuen hitzaldiaren ardatz: zer egin behar dugun? Anbizioa. Aim big. Aditza denean, apuntatu (eskopetarekin, adibidez), eta izena bada, jomuga edo jopuntua, hori da aim. Funtsezko gauzetan zentratu, gainerakoak ahaztu, eta jostunaren aholkua ere eman zigun: measure twice, cut once. Birritan neurtu, behin moztu.

Freyfogleren probokazio gogorrena, ekonomikoa izan zen. Freyfogle amerikarra da, eta enpresa gizona, eta etxe salmentara begira dagoen bilatzaile bat antolatu badu, ez da hipoteken munduak zirrara berezia egiten diolako... Txinan merkeagoak dira, gu izan gaitezkeena baino hainbat bider merkeago, esan zigun Ed-ek. Egia da, badakigu, baina gogorra da Interneteko ekintzaile honek hortik ateratzen duen ondorio logiko eta arrazionala: erabil itzazue txinatarrak, 80 eurotan egiteko Europan 1500 kostatuko zaizuna... Birritan neurtu, behin moztu, eta mozketa lan manual hori, Txinan. Nik uste dut hori denok dakigula, eta Arrasaten bereziki, baina, ai!, euskaltzale saiatuaren belarrian gogorra egiten da entzutea.

Freyfogleren kapitalismo globalarena entzun ondoren, deseroso samar egon zen horietako bat Iban Zaldua izan zela uste dut. Baina bera ere probokatzera irten zen. Internetek salbatuko omen du euskal literatura. Editoreak ezabatuko ditu (jomugan Xabier Mendiguren Elizegi zeukan bereziki, eta entzule genuen hura ere), eta beste neurri batzuk ezarriz gero dena hobeto joango da:

  • demokrazia online Euskadi Sariak erabakitzeko...
  • kritika puntuatuak sarean, hala nola Metacritic gunean
  • denok ezizenekin, Indezents, eta kito.
  • Resident Writer II, bideojokoa, idazlearen ibilbide gogorra fasez fase...

Bere presentazioak nahiko ondo jasotzen du. Paperekin igo zen Iban, ze ez zen gehiegi fidatzen presentazioak funtzionatuko ote zion, baina, tira, lehen powerpointa izateko, ondo moldatu zen. Okerragoak ikusi ditugu (mordoa).

Gero ni igo nintzen... eta bota nituen harrikada txiki batzuk. Horretarako ordaintzen didate ebento hauetara gonbidatzen nautenean. Minutu batzuk lehenago Euskadi Irratiko mezularian elkarrizketatu nuen, eta han ez nuen soltatzeko aukerarik izan, baina hitzaldian ez nintzen isildu: egunero egunero, entzule euskaldunari programa horretan eskaintzen zaion digitalen errepasoan Clarín eta Le Figaro agertzen dira. Egunero dute zerbait interesgarria, albiste edo iritzi esanguratsuak, jakingarriak. Euskal blogek, ez Sustatuk, ez beste ezerk ez dute errepaso digitalean sekula aipamenik jasotzen. Clarín, beti interesgarri, Sustatu sekula ere ez...

Albistea zer den definitzea izango da kontua. Beste harrikada txikitxo bat ere bota nuen horren harira. Duela egun batzuk Peio Arreitu Tolon-ek atera zuen albistea bere blogean, Xuxen OpenOfficerako aurkitu zuela, eta probatzera zihoala. Sustatun jaso genuen aipamena, eta erantzun batek atentzioa deitu zidan (eztabaida korapilatsu bat ere egon zen tartean): "Albistea eman baino lehen topatu du Tolon-ek XUXEN kode irekikoa..." Kontxo. Albistea zer zen? Komunikatu ofiziala eman behar zuen Miren Azkaratek Jaurlaritzatik? Tolonek tresna aurkitzea eta, poz-pozik, hura probatzera gonbidatzea ez da albistea. Blogetan gauzak argitaratzea ez da albistea... putada bat izango da, beharbada!

Harrikadaren jomuga nahigabekoren biktima etorri zitzaidan gero, komentario hori utzi zuen laguna. Ez nuen bera edo bere lana kritikatu nahi, noski. Bakarrik agerian jarri nahi nuen, ikusmira aldatzera behartzen gaituztela blogek, teknologia kolaboratibo hauek. Albisteak, iritzia, ez dira dagoeneko kanal edo erakunde ofizialen esklusiba. Denok dugu ahotsa. Eta informazioaren merkatuan gertatzen ari den bezala (blogei esker), beste merkatu batzuetan ere bai: ekonomia 2.0 zer izango da? Interneten jendeak teknologia eta komunikazioa nola darabilen, horixe begiratuta, hortik ikasita, asmatuko dugu (agian!) etorkizuneko plaza- eta lan-merkatuan bizitzen, euskaldunentzako toki bat egiten. Zirikatu behar dugu adimena, horretan asmatu nahi badugu.

Ondoren, Iban Arantzabal etorri zen. Kazetaritza digitalik ez dagoela-eta, nik esandakoa gezurtatzera. Eskerrik asko, Iban, eta baita berba gako bat ekarri zenuelako atzo: Komunitatea.

Komunitate horretako hainbat lagun izan ziren atzo gurekin. Eskerrik asko denei.

Erantzunak

Asier
2006-12-14 : 12:12

Zorionak!

Atzo Mezulariako Maite Artola kexu samar azaldu zen bere programan. Luistxoren hitzak jarri zituen. Bertan, Mezulariak egunkarien errepasoan Sustatuko berririk ez aipatzea kritikatzen zuen. Maitek esan zuen aurretik elkarrizketa egin ziotela Luistxori eta harrigarria egin zitzaiela horretaz ezer aipatu ez eta gero hitzaldian aipatzea.

Desplazatua
2006-12-14 : 13:27

Hasteko, zorionak Sustaturi!

Atzoko jaia primerakoa izan zen eta hizlariei entzundakoak benetan argigarriak eta askotan barregarriak! Ironia gordina gustuko dugu, edo hori al da egiak esateko gure modua?



> Atzo Mezulariako Maite Artola kexu samar azaldu zen bere programan. Luistxoren hitzak jarri zituen. Bertan, Mezulariak egunkarien errepasoan Sustatuko berririk ez aipatzea kritikatzen zuen. Maitek esan zuen aurretik elkarrizketa egin ziotela Luistxori eta harrigarria egin zitzaiela horretaz ezer aipatu ez eta gero hitzaldian aipatzea.



Ba, hurrengoan Mezulariak kontu gehiago izan beharko du!

Jozulin
2006-12-14 : 14:32

Ez da xaboia ematen hasteagatik baina oso ekitaldi duina ikusi genuen atzo: hitzaldi labur, bixi eta umore zitrikodunak; bideoa ere bikain, oso amerikano (zentzu onean), oso "cool".

Jana eta edana ere gozo, eskerrik asko.

Eta ez ahaztu: “You are the Euskal Herria Internet leaders”.

Doktor Fronkostin
2006-12-14 : 15:26

Ez da gaiztakeriatan hasteagatik, baina sariketa-zozketa *debagoieneko* blogari euskaldunentzat baino ez zela aldez aurretik esatea ere bazegoen!



Niri neuri berdin dit, e? Baina komentatzearren...

Eneko
2006-12-14 : 15:53

Fronkostin, irakurri ondo (edo geografia ikasi).


Irabazlea Beasaindarra da, Goierrikoa beraz, ez Debagoienakoa.


Nik dakidala Mikel Iturria Irungoa da, Donostian egiten du lan eta Bizkaia partean igarotzen ditu jai egun asko.


Uste dut Arana dela Debagoienatar bakarra.


Gaiztakeriatan hastea ez bada, ez dakit zertara datorren komentario hori. Neri bost ere, baina komentatzearren....


> Ez da gaiztakeriatan hasteagatik, baina sariketa-zozketa debagoieneko blogari euskaldunentzat baino ez zela aldez aurretik esatea ere bazegoen!
>
> Niri neuri berdin dit, e? Baina komentatzearren...


Luistxo Fernandez
2006-12-14 : 15:56

Audientzia osoari esan zion hori Ed-ek. Aurreko egunetan, berea aurkezten, behin baino gehiagotan galdetu zidan: zein egongo da? maila teknikoa? Nik esan nion, ezetz, ez bereziki teknikoa, "Interneteko eremu euskaldunean mugitzen diren batzuk hurbilduko zaizkigu". Eta horiek zituen buruan, zu zeu bezalako pertsonak, Jozulin.


Horrez gain, norbaitek gaizki txibatu zion gure herriaren izena Euskalherria idatzi baitzuen, eta ez Euskal Herria.


Sustatu
2006-12-14 : 16:04

Zozketarako, sistema hau erabili zen.


Orria kartatu edo freskatzen duzun bakoitzean, hasten da dantza, eta klik eginez gero return teklan, gelditzen da.


Izenak dira atzo zeuden berdinak: lehiaketan mezu bat zutenen artean, bertaratu eta izena eman zutenak (salbu eta The Indezents-ena, logikoki, hark lehen saria izango zuela aldez aurretik erabakia baitzegoen), sariketaren arauetan azaldua zegoen bezala. Klik erabakigarria, zozketako sari-emaileek egin zuten (Xabier Huizik eta Begoña Larrañagak), begiratu gabe.


Sustatu
2006-12-14 : 16:22

Arteman enpresak ekoitzitako bideoa, ekitaldian eman zena, hemen dugu:
Sustatuk 5 urte - Bideoa.


Argazki sorta batzuk hemen: CodeSyntax,
Goiena,
Zaloa,
Joxe Aranzabal.


Inork argazki gehiago atera badu, eta Flickr konturik badu, Joxe Aranzabalek sustatu5 tag edo etiketa erabiltzea proposatu du.


Bestalde, Luistxok kronika horretan Powerpoint aipatu arren, baliteke hizlariek aurkezpenak programa horrekin egin izana, baina ikusi, atzo, Ubuntu Linux euskarazkoa zuen ordenagailu batean ikusi ziren, OpenOffice erabilita.


Doktor Fronkostin
2006-12-14 : 16:38

Ups! Barkatu gaizki ulertua, orduan. Irabazleen blogen helbideak ikusita (blogak.com, eibar.org, goiena.net) nahastu egin naiz...

tolon
2006-12-14 : 20:23

Nere ustez, oso ondo egon zen guztia, oso gustura egon ginan bai ni, baita ere Edurne lankidea . Ez da erreza (edo erreza bada ez da sarritan egiten) han batu ginanok batzia, hau inportantia da gure artean harremanak sendotzen joateko.


Lekua zoragarrixa, nahiz eta erdi izoztuta bukatu (kafesne edo salda bero-bero bat hartzeko aukera izan bagenu ...), eta antolakuntza ere oso ona. Barre batzuk ere bota genitxun wifi-sarea jartzeko izan zituzten gora-beherak jakin genituenean.


Hitzaldiak ondo egon ziren, baina Luistxo, niretzako onena, zuria. Pintxuak jaten komentatu gendun bezela, Luistxo beti Luistxo ;)


Kriston sustua, edo hobeto esanda, ezustekoa, hartu nuen nire blogeko albistea
ikusi nuenian, koño !!! nire blogeko irudia Luistxoren aurkezpenean !! baina esaldi hau niregatik bada "Harrikadaren jomuga nahigabekoren biktima etorri zitzaidan gero, komentario hori utzi zuen laguna" , lasai, ez nuen eta harrikada moduan hartu, justu kontrakua txo !! Kazetari ofiziala izendatu nauzu !!


Niretzako web 2.0, blogak eta mobida guzti hau, demokratizazio prozesu bat da (Iban Zalduak bere ironia artean laga zuen mezua ). Gaur egun edonork laga dezake bere iritsia beste edozeinek irakurtzeko moduan. Internet azken finean, komunikazio tresna bat da (potenteena, dudarik gabe). Gero publikatutakoa ona edo txarra den ? kalitate onekoa edo kaka bat ? irakurleak erabakiko du, baina publikatzeko aukera guztiok daukagu.


Eta edonork esaten dudanian, edonork esan nahi det. Hor dauzkagu IKTeroak , machine batzuk, egunetik egunera gaztetxoekin lan ikaragarrixa egiten. Guk atxukaletik , ideia hori hartuta, herriko gaztetxoen artean blogak sustatu nahixan gabiltza, eta hor daude batzuk euron gauzak idazten.


Zorionak ba lan guzti hori egin zenutenoi, eta hurrengoan hobeto.


Eneko
2006-12-14 : 23:50

Iepaaa, nahastuta jarraitzen duzula ematen du, Fronkostin.



Goiena.net geografikoki Debagoienarekin lotzea ulergarria izan daiteke neurri batean, baina eibar.org eta blogak.com Debagoienan kokatzea ere ...

i eme
2006-12-16 : 19:20

Fronkostin doktorearekin bat nator... nere ustetan, euskaldun blog mundua, zabalagoa da. Ez det uste Fronkostinek geografia ikasketak behar dituenik.

Beste gauza bat... festa horretan ez al zen blogari baten posta saritu? Ez dakit irakurtzea ahaztu zaidan baña kronikatxoan ez dut aipamenik ikusi.

Eneko
2006-12-17 : 21:16

Horretan bat nator zurekin, ieme.


Blog euskaldunen mundua nahiko zabala da. Kontaketa zaila da baina zorionez blog asko daude, eta batzuk baino ez ziren aurkeztu Sustaturen lehiaketa horretara. Hori bai, aurkeztutakoen zerrendan ikus daitekenez, toki ezberdinetatik zetozen: nafarroatik, lapurditik, gipuzkoatik, bizkaitik, arabatik, .... Hemen dago parte hartzaileen zerrenda osoa, Ieme bloga barne.


Irabazlea The Indezents izan zen eta mezu honetan ez du aipatu Luistxok, baina aurreko eguneko mezuetan aipatu zen Sustatun: The Indezents blogak irabazi du mezuan eta argazki eta guzti duzu hemen: www.sustatu.com/5urte , eta beste medio batzuetan Berrian M.U.-n edo Zabaldun esate baterako.


Luistxo Fernandez
2006-12-19 : 18:09

Mezulariaren kontu honetaz, apur bat gehiago idatzi dut neure blogean, irratian egin zidaten elkarrizketa audioan entzuteko aukerarekin.


Erantzun

Sartu