Teknologia albisteak

The Indezents blogak irabazi du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Arrasateko Klaustroa
2006-12-13 : 22:12

The Indezents blogean argitaratutako mezu barregarri batek irabazi du Sustatuk antolatutako blog mezuen lehiaketa. Epaimahaiak zenbait finalista izan ditu kontuan, eta azkenean hori nabarmendu. Egileak, iPod bideo bat eraman du, 80 gigakoa. Beste bi blogarik, zozketan, iPod Nanoak eroan dituzte.

Maria Agirre aurkezleak jarraian datorren testua irakurri du epaimahaiaren izenean.

*****

Dozenaka lan aurkeztu dira, eta benetan, euskal blogosferaren argazki bat ateratzeko balio izan digu. Lotsatiak izan gara, eta geure burua promozionatzen lotsa hartu dugu blogari gehienok... Gehiago izan dira, irakurtzen ditugun beste blog batzuetan aurkitutakoak aurkeztea.

Lotura guztietan klik egin eta errepasoa egitea plazer bat izan da. Aukera, azkenean, finalista batzuetara murriztu dugu.

Adibidez, Katixa Agirre, idazle gazte bat blog beterano samar batekin... Liburuak debekatzekotan daudela abisatzen zigun.

Batzuk izen-abizenekin dira blogari, eta beste batzuk ez. Hemen ote dago Amuitz? Ez dakigu nor den, baina mezu biribilak idazten dituela badakigu, jarraitzea merezi duen blog bat.

Ordiziako Jakintza Ikastolako IKTeroek (ikateroek) blog bat baino gehiago, faktoria bat daukate. Eurak dira blogari eta ikasleak bihurtu dituzte blogari. Baita ikastola utzi ondoren ere. Horretako bat, unibertsitatean dabil orain arkitektura idazten, eta blog mezu ederra idatzi die oraindik Jakintzan daudenei, beren datorren urteko ibilbidea aukeratzen lagunduko diena.

Blog guztiak ez dira berba eta berba. Bitakora grafikoak ere badaude, eta argazki blog bat baino gehiago aurkeztu da sariketara. Komiki-blog bat ere bai, Azpeitiko Uztarria.com-eko Andoni Salegi marrazkilariaren Otsobeltz pertsonaia irteera ironiko batekin irten zaigu honetan, eta aipagarria iruditu zaigu.

Azkenean, bat aukeratu behar zen. Blog berri samarra da, urrian hasi zen, baina zelako martxan. Egunero du zerbait, eta blogista profesionalaren gisan, ez bakarrik testua, irudiak, bideoa, musika ere itsasten du bere blogean. Eta baditu jarraitzaileak, erantzunak uzten dizkiote batzuek (ez baditu berak guztiak asmatzen behintzat).

The Indezents du izena blogak. Bruce Lee-ren aurpegia du aldamenean. Mezu bat baino gehiago proposatu zigun, baina oilasko petxugarena aukeratu du epaimahaiak. Mezu bihurri bat, ganberro samarra, baina freskoa. The Indezents-ek mutil gazte bat izan behar zuela susmatu genuen, bere hozkailuaren egoera jakinda, eta halaxe da, Sustatuko blog mezuen lehiaketaren irabazlea, Mikel Alvarez beasaindarra da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, eman dio saria Mikel Alvarezi. iPod polit bat, 80 megakoa.

Ondoren, bi iPod Nano zozketatu dira. Partehartzaileen artean, lista pasatu da ekitaldian, eta agertu direnekin zozketa-sistema elektronikoa egin da. Zozketa bidez iPod Nanoren irabazleak Mikel Iturria eta Goio Arana izan dira. Xabier Huitzi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiko Zuzendariak eta Begoña Larrañaga Eroski Fundazioko ordezkariak banatu dituzte sariak.

Erantzun

Sartu