TXOMIN PEILLEN KARRIKABURU irakasleak hitzaldi bat emanen du Iruñean "Protestantismoa eta Protestante Eruditoak Euskal Herrian" gaiaz abenduaren 19an
Nafar Ateneoaren aldizkarian akats bat eriden dugu hitzaldiaren dataren kariaz, hasiera batean 14rako iragarrita baitzegoen baina antolaketa arazo batzuk zirela eta abenduaren 19ra atzeratu behar izan da hitzaldia. Deialdia aldez aurretik egina zegoenez Sustatu.com webgunearen orrialdeetara jo behar izan dugu atzerapena iragartzera Euskal Herri osoan hedapen handia duen webgunea baita.
Txomin Peillen Karrikaburu idazlea ezaguna dugu. Bere bizitzari buruzko datu batzuk emateagatik derragun Parisen jaioa dela Montmartreko Rue de Maistre kalean, 1932 urtean. Santa Grazin eta Baionan bizi da.
Biologian lizentziatu eta Euskal Letretan doktoratu zen. Paueko eta Aturri Aldeko Unibertsitateko irakasle emeritua da Baionako Fakultatean. Miranderekin batera Igela aldizkaria sortu zuen eta horren zuzendaria izaki.
Eleberriak idatzi ditu (Gauaz ibiltzen dena, 1964; Itzal Gorria, 1963; Gatu beltza, 1967; Kristina Bolswad, 1989, etab.), eta, halaber, ipuinak (Haur ipuinak, 1955) eta olerkiak (HATSAren POESIAn parte hartu ohi du).
Ikerlaria ere bada eta hamaika artikuluren egile dugu, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Hizkuntza horiek eta gehiago menperatzen baititu.
Pariseko Euskal-Etxean lanean hasi zena, urteen joanean, Euskaltzaindian sartu eta, egun, euskaltzain osoa dugu. Orain Iruñera dator protestateen eragina Euskal Herrian eta euskararengan gaiari buruz hitz egitera. Gai guztiz interesgarria euskaltzale guztiontzat. Data gaizki jarrita bazegoen ere, jakin ezazue oraindik garaiz zabiltzatela hitzaldira etortzeko.
Erantzun
Sartu