Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya, larunbatean Aiarako Kuadrillan
Bere garaian iragarri genuen bezalaxe, datorren larunbaterako, abenduak 16, antolatu du Topaguneak Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyaren bigarren edizioa. Guztira, 90 gazte baino gehiago elkartuko dira Aiarako Kuadrillan, 10 orduko epean euskara hutsezko hiru minutuko bideo-lana prestatzeko. 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak egongo dira jokoan.
Deialdiak primerako erantzuna izan du, eta guztira 23 taldek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko. Azpiegitura arazoak direla eta, hala ere, haietako 20k baino ezin izango dute lehiatu.
Lehiakideak goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arteko epea izango dute hiru minutuko bideo-lana grabatu, editatu eta aurkezteko. Iluntzean, aurkeztutako lan guztien erakustaldia egingo da Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean, eta jarraian sari banaketari ekingo zaio. Hiru lanik onenek 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak jasoko dituzte eta, iazko esperientzian oinarrituta, giroa primerakoa izango da egun osoan.
Iaz irabazle suertatu ziren lanak youtubera igotzen ari gara uneotan. Igotzen ditugun heinean, hemen aurkituko dituzue ikusgai.
Erantzunak kargatzen...