Teknologia albisteak

Freyfogle/Zaldua: nola abiatu enpresa 2.0 bat; euskal literaturaren salbazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2006-12-09 : 09:12

Sustaturen 5. urteurren jaiko bi hizlari protagonistek, Ed Freyfoglek eta Iban Zalduak, bidali dizkigute beren hitzaldien izenburuak: Web 2.0ko enpresa bat sortzean ikasitakoak, horretaz hitz egingo du Freyfoglek. Zalduak, berriz: Nola salbatuko duen Internetek euskal literatura.

Bi aurkezle izango dituzte gonbidatu bereziek. Javier Etxebeste batetik, Ed Freyfogleren bazkide dena orain Londresko Lokku enpresan (beren ekimen nagusia orain Nestoria etxe bilatzailea da). Iban Zalduaren aurkezpena egingo du Mikel Iturria blogariak, Donostiako Ernest Lluch kultur etxeko zuzendariak.

Era berean, beren presentzia ziurtatu digute Eusko Jaurlaritzako HPSko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ENZN-ko ordezkariek. Bi erakunde horien euskara teknologia berrietan sustatzeko laguntzetan jaso izan du, azken bost urteetan, dirulaguntza publikoa Sustatuk. Era berean, Eroski Fundazioak laguntza eman digu ekitaldi hau antolatzeko, eta blog mezuen lehiaketako sarietarako.

Ospakizuna asteazkenean izango da, abenduak 13, 18.30etan, Arrasateko Klaustroan (bertako kultur etxe berria; kokapena, argazkia ). Hurbiltzeko asmoa baduzu, mesedez eman izena datu-orri honetan. Bertan emango dugu blog mezuen lehiaketaren saria, eta zozketatuko dira beste bi iPod ere. Adi, gero, aurkeztu zaretenok, bertaratzen direnen artean egingo da zozketa, beraz, prestatu autoa, elkartu lagun pare batekin, izena eman, eta zatozte.

Ekitaldia antolatzen Arteman enpresa ari da, eta beren webgunean ere eman dute ekimen honen berri. Dena prest izango dute, zizka-mizkak eta wi-fi konexioa barne, gosearekin edo ordenagailuarekin baldin bazatoz.

Erantzun

Sartu