Bilboko Kalderapeko Kulturgunean aurkeztu du AIZU!-k bere 312. zenbakia, aldizkariaren 25 urteak betetzera datorrena.
Aldizkaria sortu zuen taldeko partaide Esther Zarandonak gogoratu duenez, 1981eko Durangoko Azokan ikusi zuen argia AIZU!-ren 0 zenbakiak, Bilboko euskara irakasle eta ikasle batzuen ekimenez. Harrezkero euskara ikasleei euren ikas-prozesuan lagundu dien tresna izan da AIZU!, batez ere, 1983ko azaroan AEKrekin bat egin zuenetik.
Urteurrena dela-eta,
ale berezia kaleratu du AIZU!-k, ohiko formatu eta edukiak alde batera utzi eta 25 urteotan aldizkariaren orrietan agertutakoari garrantzia emanda. Horrela, 25 zenbakia erreferentzia bihurtu da eta
AIZU!-ren historian kaleratutako 25 elkarrizketa, 25 erreportaje, AEKri buruzko 25 albiste, eta abar hautatu dira ale hau osatzeko. Guztiak agertzen dira bere horretan, inolako aldaketarik gabe, euskarak 25 urteotan bai terminologian bai arauetan izan duen eboluzioaren isla.
Erakusketa eta jaia
Bestalde,
Eñaut Mitxelena aldizkariaren koordinatzaileak azaldu duenez, urteurren honetan AIZU!-tik igarotako laguntzaileak eta irakurle nagusi diren euskara ikasleak izan ditu gogoan batik bat AEKren aldizkariak. Lehenei begira,
jaia antolatu du Bilboko Kalderapeko Kulturgunean abenduaren 1erako, bertatik pasatutakoak bildu eta zoriontzeko asmoz.
Eta irakurle eta ikasleei dagokienez, berriz,
ikasturte osoan zehar euskaltegiz euskaltegi mugituko den erakusketa ibiltaria prestatu du, 25 urteotan kaleratu diren beste hainbeste portadekin.
Erakusketa dagoeneko ikusgai dago Kalderapekon, eta beste kasu batzuetan ere AEKren euskaltegietatik at ikusi ahal izango da, Gasteizko Hala Bedi tabernan, esaterako.
Erantzun
Sartu