Elhuyar Hiztegiaren edizio berria aurkeztu da
2006-11-23 11:11
Itziar Nogerasek adierazi duenez, Elhuyar Fundazioaren helburuetako bat euskara garatzeko eta normalizatzeko hizkuntza-baliabide, tresna eta zerbitzuak sortzea eta eskaintzea da eta helburu horri tinko eutsiz, urteak daramatzagu hiztegigintzan lan egiten, eta, ditugun hiztegiak eguneratzeaz gain, hiztegi berriak egitea dugu helburu. Horrenbestez, datorren urtean Elhuyarrek ingelesa-euskara hiztegia argitaratzea espero duela gaineratu du Nogerasek. Antton Gurrutxagak, hiztegiaren zuzendari teknikoetako batek, hiztegiaren xehetasun teknikoak azaldu ditu, eta, besteak beste, esan du Elhuyar Hiztegia egiterakoan bi noranzkoak hartu direla kontuan, hau da, bi hizkuntzak (euskara eta gaztelania) parez pare landu direla. Bestalde, hiztegia eguneratzeko erabili diren iturriak eta irizpideak zein diren adierazi du: Elhuyarren hiztegigintzako datu-basea, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, Eusko Jaurlaritzaren Euskalterm Terminologia Banku Publikoa, Orotariko Euskal Hiztegia, hiztegi-iturri klasikoak eta berriak, ikerlanak, erabiltzaileen oharrak, kritikak...
Azkenik, Lurdes Ansak Elhuyar Edizioetako arduradunak hartu du hitza, eta hiztegiaren hiru formatuei buruz hitz egin du: liburua, CD-ROMa eta Interneteko bertsioa. Datu esanguratsu gisa azpimarra daiteke, gaur egun, Elhuyar Hiztegiak sarean hileko 300.000 bisita dituela batez beste.
Erantzunak kargatzen...