Teknologia albisteak

Euskarazko web zerbitzu berria: galdetu.com

Erabiltzailearen aurpegia
Aitor Ortuondo - Ekostat Informatica, S.L.
2006-11-20 : 05:11

Euskarazko Web 2.0 proiektu berri bat aurkeztu nahi dizuegu, galdetu.com. Bere izenetik antzeman daitekeenez, galdetu.com, galderak egin eta erantzunak bidali eta jasotzeko aukera ematen duen zerbitzua da.

Edozein gairi buruzko dudarik baduzu edo zerbait jakin nahi baduzu, www.galdetu.com-era sar zaitez eta zeure galdera bidali ezazu, denbora gutxian beste erabiltzaileren batek erantzungo dizu. Orduan, erantzuna jaso eta berehala, sistemak email bat bidaliko dizu.

Zerbitzu hau euskaldun guztion mesede eta probetxurako sortu dugu, baina benetako zerbitzu erabilgarria izan dadin zure parte-hartzea beharrezkoa da. Beste edozein Web 2.0 zerbitzu moduan, zenbat eta erabiltzaile, galdera eta erantzun gehiago, hainbat eta zerbitzu erabilgarriagoa izango dugu. Galderak egin eta erantzunak bidaltzea oso erraza da, beraz animatu zaitez eta zure eskura duzun tresna berri hau erabil ezazu!

galdetu.com-en argitaraturiko galdera eta erantzunen hedatzea eta erabilera bultzateko asmoz, eduki guztiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5 lizentzia izango dute, hau da, edukiak beste webgune edo publikazio ez komertzialetan erabili ahal izango dira.

Galdera bat sortzerakoan gai edo atal ezberdinetan sailkatzeko aukera izateaz gain, etiketen arabera ere sailkatzeko aukera dago. Honela, atal eta etiketen araberako zerrendak daude eta galdera interesgarriak aurkitzeko prosezua asko errezten da. Bestalde, galderen bilatzaile bat ere badago.

Aipagarria da ere, webguneak puntuazio edo karma sistema bat duela, non erabiltzaile eta galdera bakoitzak puntuazio bat du. Puntuazio hori erabiltzaile bakoitzak egin eta galdera bakoitzak jasotzen dituen ekintzen arabera handitzen doa. Oraingoz, puntuazio sistema hau oso sinplea da, baina hurrengo asteetan garatu, osatu eta hobetu egingo dugu.

galdetu.com PHP5 programaketa lengoaia erabiliz eta hutsetik hasita programatua izan dela aipatu nahi dugu. Gure intentzioa galdetu.com-en kode osoa GPL software aske gisa askatzea da, baina kodea zertxobait helduago izan arte ez dugu publikoki askatuko.

Beno, euskaldunok badugu tresna berri eta interesgarri bat, guztion artean edozein gairi buruzko eduki mordoa biltzen duen gune batean bihurtu dezakeguna. Beraz, has gaitezen galderak egiten eta erantzunak bidaltzen!

Erantzun

Sartu