Juanba Berasategi, 2006ko Abbadia saria
Fernando Tapia, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuak nabarmendu duenez, «Juanba Berasategik egin duen lana eta bere langintzaz, euskarazko zinemagintzaz, alegia, hartu duen konpromiso pertsonala guztiz bat datoz Abbadia sariaren ikuspegiarekin».
Epaimahaiak ere hala baloratu du, aho batez eman baitzuen bere proposamena Juanba Berasategiren alde. Epaimahaian izan dira, foru diputatuarekin eta Xabier Huitzi Euskarako zuzendariarekin batera, Mari Karmen Garmendia, Arantxa Zugasti (Noticias de Gipuzkoa egunkariko zuzendariordea), Rosa Zufia (CICC edo Tabako Fabrikako komunikazio arduraduna), eta aurreko bi urteetako saridunak, Mikel Elorza (Armiarma.com) eta Marian Galarraga (Tinko Euskara Elkartekoa).
Epaimahaiak saria Berasategiri emateko arrazoien artean azpimarratzekoa da «animazioko zinemaren esparruan aitzindari eta maisu izateaz gain, lan handia egin duela euskal zinemaren ekoizleak elkartzen eta proiektu berritzaileak sustatzen. Ilustrazioaren esparruan ere lan bikaina egin du, eta merkatu zinez zail eta lehiakor horretan, bere proiektu guztietan beti gorde duela euskararekiko inplikazio pertsonal handi bat, euskara hutsez jokatuta proiektu horiek bideraezinak direla argi eta garbi jakin arren».
Lanbidearen jardun profesionalaz gaindi, euskararekiko eta euskal herriaren kultur izatearekiko konpromiso pertsonalaren alderdi horiek hartu ditu aintzat epaimahaiak, saria Juanba Berasategiri emateko proposatzerakoan.
Aurtengo Abbadia saria emateko ekitaldia abenduaren 1ean egingo da, urtero ospatzen den abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren atariko gisara. Ekitaldia Chillida-Leku Museoan da. Aurkezpenean, Fernando Tapiak bereziki eskertu die Chillida-Leku Museoko arduradunei ekitaldia behar bezala antolatzeko emandako erraztasunak.
Informazio gehiago: www.gipuzkoaeuskara.net
Erantzunak kargatzen...