Teknologia albisteak

Teknoskopioa saria Barakaldora

Erabiltzailearen aurpegia
Izaro Aizpurua - Elhuyar Fundazioa
2006-11-09 : 09:11

Barakaldoko El Regato ikastetxeko ikasleek irabazi dute Teknoskopioa, asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketa. Sari banaketa ostiralean (azaroak 10) izango da, Donostiako Kutxagunean, 13:00 etatik aurrera.

Teknoskopioa, Elhuyar Fundazioak, Saretek-ek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Zientziaren Kutxaguneak, elkarlanean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat antolatutako lehiaketa da, eta Zientziaren Asteko ekintzen barruan kokatzen da.

Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketaren hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta irabazleak Barakaldoko El Regato ikastetxeko ikasleak izan dira. Ekintza hau Zientziaren Astearen barruan kokatzen da, eta aurten energiaren gaia izan du ardatz. Horiek horrela, Elhuyar Fundazioak, Saretek-ek, Zientziaren Kutxaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei lehiaketa hau proposatu diete: parte-hartzaileek imajinatu behar zuten 2050. urtean zeudela eta urte horretan ohiko energia-iturriak agortzear zeudela. Energiaren arloan lanean ari diren herriko agintarien papera betez, eta nork bere herrian dituen energia-baliabideak kontuan hartuta, herria hornitzeko sistema berri bat aurkeztu behar zuten, eta ohiko energia-iturrien ordezkoak proposatu. Lanak egiteko dokumentazioa prestatu dute Elhuyar Fundazioan, eta www.zientzia.net -en izan da ikusgai.

Lan bikainak aurkeztu dira, eta irabazleek aurkeztutakoan nabarmena izan da ikuspuntu zabala eta sakona. El Regatokoek, besteak beste, hirigintzak eta arkitekturak, garraioak, industriak eta zerbitzuek, hezkuntzak, legeriak eta energiaren sorrerak nolakoak beharko luketen aztertu dute, betiere energiaren auziari aurre egiteko 2050ean.

Sari-banaketa ostiralean (azaroak 10) egingo da Donostiako Zientziaren Kutxagunean 13:00etatik aurrera, eta irabazleek MP4 irakurgailu bana jasoko dute, Eroskiri esker. Ekitaldian, sariak emateaz gainera, honako pertsona hauek hartuko dute hitza: Javier Sabadell Zientziaren Kutxaguneko zuzendari nagusiak, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Alfredo Gómez Saretekeko zuzendari albokoak. Aurtengo irabazleez ez ezik, beste 100 gaztetxo inguru ere elkartuko dira eta, lan irabazlearen nondik norakoak ezagutzeaz gainera, Zientziaren Kutxaguneko Planetarium-a ere ezagutzeko aukera izango dute.

Epaimahaikoak pertsona hauek izan dira: Jose Mari Rodríguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria; Javier Sabadell, Zientziaren Kutxaguneko zuzendari nagusia; Elvira González, Bilbao-Abandoko Berritzeguneko aholkularia; Alfredo Gómez Arrieta, Saretek-eko zuzendari albokoa; eta Imanol Zenborain, Energiaren Euskal Erakundeko komunikazio-arduraduna. Lanak balioztatzeko, kontuan hartu dituzte arrazoibidea sinesgarria izatea, ideia berriak gizarteari onura ekartzea, aurkezpena landua izatea eta lana originala izatea.

Lehiaketara aurkeztu diren lanak www.zientzia.net/teknoskopioa web gunean dira ikusgai.

Erantzun

Sartu