Teknologia albisteak

Euskarabilak 10 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Onsoño - Euskarabila
2006-11-09 : 08:11

Euskarabilak, Basauriko Euskaldunon Elkartea, 10 urte bete ditu. Hori dela eta, Basauriko Bertso Eskolarekin batera Bertso emanaldi paregabea antolatu du.

Parte hartzaileak hauexek izango dira: Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujambio, Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes.

Emanaldia azaroaren 10ean, ostirala, Basauriko Social Antzokian izango da. Sarrerak salgai daude Sozial Antzokiko Txarteldegian eta BBK-ko kutxazainetan.

Iturri zaharretatik edaten dut, ur berria edaten...Hartzabalen aipu honek irudikatuko luke Euskarabilaren sorrerako ekitaldia, adineko basauritar euskaldunak lekukoa biloben eskuetara pasatzen.

Ur jarioa ordea, euskararen transmisioa eta gure eguneroko bizimoduan esparru guztietako erabilpena alegia, ez datoz berez, eta euskara jakin bai, baina erabili ezik, iturria agortu eta lehortzeko arriskua dago. Hori ardatz hartuta jardun dugu 10 urteotan, (ipuin kontalariak, asteburuak euskaraz, sukaldaritza tailerrak...)eta oro har eguneroko bizitzan, euskararen erabilerarako esparruak irabazteko ahaleginetan. Lortutako emaitzak aztertuta, ale ederrak aurki ditzakegu egindako bidean, datozen urteetako hazi bihurtu behar ditugunak.

Aurrera jarraitzeko konpromiso horri eutsi nahi diogu gaur ere, euskararen aldeko atxikimendu eta gogo bera duten Basauriko lagun, elkarte eta erakunde guztiok elkarrekin lan egiteko eta horregatik, oraindik hurbildu ez bazara, Euskarabilaren ateak zabalik dituzu, denon artean lortuko dugu Basauri euskalduna.

Erantzun

Sartu