Teknologia albisteak

Mahats Orriak, blog komunitate berria

Erabiltzailearen aurpegia
Asapala - Asapala euskara elkartea
2006-11-06 : 11:11

Santuxu, Txurdinaga, Begoña inguruan Euskal Herrian ditugun blog komunitate lokalei gure auzuneko alea gehitu gura izan diegu. Horrela bada, Mahats Orriak blog komunitatea sortu du Asapala Elkarteak.

Komunitatearen izena inguru honetako biztanleon ezizenetik dator: Mahatserria zen Begoñako errepublika zaharra eta mahatsorriak bertakoak. Berba-joko polita Mahats-Orriak gure asmoak definitzeko. 

  • Bilboko parte honetako euskaldunontzat komunikazio bide berriak eta errazak sustatzea (bai, errazak, bloga idaztea ez da e-posta bidaltzea baino zailagoa). Gure arteko zein munduarekiko harremanak eta komunikazioa areagotzeko. Euskara gehiago erabiltzeko azken baten.
  • Euskarari maila lokalean ere bide berriak zabaltzea. Teknologia berrien saltsan ogia bustitzeko ate bat gehiago zabaldu dugu.
  • Gure inguruan pasatzen eta pentsatzen dena botatzeko eta konpartitzeko plaza berria zabaltzea. Halako gutxi dauzkagu eta gurean ere badaukagu zer esana. Mahats Orriak inguruko hedabide soziala ere izatea gura genuke.

Elurnet enpresak egin du oinarrizko instalazioa, b2evolution-en oinarritutako blogari softwarea erabilita. 

Komunitatea zabalik dago inguruko euskaldun guztiei. Hemen daude parte hartzeko baldintzak. Interesa daukatenak, norbanakoak zein erakundeak, formulario honen bidez jarri daitezke harremanetan administrazaileekin, alta emateko nahiz informazioa eskatzeko.

Berri gehiago jakiteko, komunitatera bisita egitea onena: http://www.asapala.org/mahatsorriak.

Mahatsorriok orri pila bat gehiago daukagu beraz.

Erantzun

Sartu