Teknologia albisteak

Mundurat Sareak 5 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Mundurat Sarea - Mundurat Sarea
2006-10-30 : 07:10

Lizentzia libreak oinarritzat dituen Mundurat sare autogestionatuak 5 urte bete ditu. Beste urtebetez ere Mundurat Sarea jo ta ke lanean ibili da. Jadanik 5 kandelatxo ditugu itzaltzeko eta hamaika proiektu aurrera eramateko.

Ez ditugu ideiak ezertxo ere aldatu, software librean oinarriturik hasi genuen proiektua eta berdin jarraitzen dugu. Edozeinek konproba dezake kalitatezko zerbitzua eskaintzen dugula, argi utzi dugu beraz lizentzia garestia ekidin daitezkeela. Oraindik ere, software librearen aldeko deia gogoz zabaltzen dugu.

Eta badirudi ideia urrunera iritsi dela. Pixkanaka proiektua handituz joan da eta Euskal Herri osoko talde eta kolektiboen eskaerei erantzuten diegu. Herri mugimenduak entzutetsuak izan diren hainbat proiektutan inplikatu gara, hala nola, Gazte Topagunearen web gunean zein honen berri zuzen-zuzenean emateko martxan jarritako irratian (www.gazte-topagunea.com), Gaztetxe Martxaren jarraipenean (www.gaztetxemartxa.org), martxoan antolatutako Komunikabide Alternatiboen Gazte Topaketetan (www.kontrainformatu.info), Zarautzen antolatutako Software Asteburu Librean (www.mundurat.net/e18), MusikHerria herri disketxean (www.musikherria.org) edo Euskal Herria 2.0 jardunaldietan (www.bipuntuzero.org). Bestalde, UK Berri (www.ukberri.net) edo Librezale (www.librezale.org) bezalako proiektu interesgarri eta garrantzitsuak ere hurreratu zaizkigu azken hilabeteotan. Dena den, ilusioz beteriko lan txikiagoetan ere hartu dugu parte: gaztetxe eta gazte asanbladak, musika taldeak, proiektu komunikatiboak... Guztira, 80 proiektu inguru jarri ditugu martxan.

Aurten, berrikuntza moduan, zerbitzari berri bat prestatzen gabiltza. Egun ditugun proiektua kopuruak gora egin duela-eta, udan ospatutako azken asanbladan beharrezkotzat ikusi genuen makina berri baten erosketa proiektuak eskaintzen dituen kalitatezko zerbitzuak mantentzeko asmoz. Goi mailako prestakuntzaz hornitutako makina berria askoz ere azkarragoa izango da eta honela zerbitzu berriak eskaini ahal izango dira. Gainera, konexio bizkorrago eta egonkorragoa lortzeko helburuz, makina leku berri batera aldatuko dugu. Laster zerbitzari berria prest izango dugulakoan gaude.

Amaitzeko, orain arte bezala lizentzia askeak oinarri hartuta eta autogestioaren bidetik lanean jarraituko dugula berretsi nahi dugu.

Erantzun

Sartu